Aurtengoan ere jairik ez

Aurtengoan ere jairik ez

2021/07/14
Oraindik ere bizi dugun osasun egoerak eraginda, aurtengoan ere jairik ez ospatzea erabaki du Soraluzeko Udalak; kultur programazio berezia antolatuko da egun horietarako.

Aurtengoan ere, iaz egin zuen moduan, jairik ez antolatzea erabaki du Sorlauzeko Udalak.

Arloko arduradun den Abel Olaizolak adierazi duenez, "oraindik ere bizi dugun osasun-krisiak ezinezkoa egiten du jaiak betiko moduan ospatzea, jende pilaketak ekiditen jarraitzea funtsezkoa delako egoera honetan". 

Jaiak bertan bertan behera geratuko badira ere, "herritarrei, herriko bizitzari eta kultura sektorean lan egiten dutenei keinu txiki bat egitea ere garrantzitsua dela kontuan izanik", kultur programazio berezia antolatuko du udalak, herriko hainbat eragilerekin batera, hurrengo egunetarako.

Programazio berezia uztailaren17an hasi eta 26ra bitartean luzatuko da, era guztietako ikuskizun eta ekintzez gozatu ahal izango delarik.

Antolatu diren ekintzak osasun aginteriek agindutako protokoloari jarraituz antolatu direla eman du jakitera Udalak, ikusleek jarrita egon beharko dutela, maskara derrigorrezkoa izango dela eta aforoa mugatu egingo dela.

Ekintzetarako gonbidapenak edo sarrerak "Iratxo" goxo-dendan eskuratu ahal izango dira ostiral honetatik aurrera.

Antolatutako ekintzen programa etxeetara helarazi den agendan, webgune honetako AGENDA sailean edota azpiko zerrendan kontsulta daiteke.