Babes sozialeko etxebizitza berriak

2021/05/25
Soraluzeko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena izenpetu zuten atzo; Pascual Churrucako eremuan alokairuko babes sozialerako 29 etxebizitza eraikiko dira.

Atzo goizean Iker Aldazbal Alkateak eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak izenpetu zuten hitzarmenari esker Eusko Jaurlaritzak alokairuko babes sozialerako 29 etxebizitza eraikiko ditu Pascual Churruca zena dagoen orubean.

Soraluzeko Udalak 2018an eskuratu zituen eraikina bera eta alboko orubea, 404 euroren truke, subasta publikoan.

Jaurlaritzak bertan burutuko duen inbertsioa 3,5 miloi eurokoa izango da.

Etxebizitza hauetatik 4 udalaren esku geldituko dira Olaldeko eremua garatzen denean bertako etxebizitza jabeei ostatu emateko.

Bestalde, etxebizitza eraikin berriko beheko solairuan 200m2-ko lokala ere eskuratuko du Udalak.

Proiektu honen bitartez herrian dagoen babes sozialeko etxebizitza eskaerari bide ematea nahi zaio. Udalerrian azken etxebizitza sozialeko promozioa Saciako orubean egin zen 2006. urtean.