Badator 2026-2027 ikasturteko "Irakurketa erronka"; irailetik apirilera bitarte, lau irakurgai proposamen egingo dira liburutegian 7-12 urte bitarteko neska-mutikoentzako

Badator 2026-2027 ikasturteko "Irakurketa erronka"; irailetik apirilera bitarte, lau irakurgai proposamen egingo dira liburutegian 7-12 urte bitarteko neska-mutikoentzako

2026/09/24
Plaentxi eskolako irakurketa proiektuarekin bat eginez, "Irakurketa erronka" antolatu du berriz ere udal liburutegiak, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6.erako neska-mutilentzat.

2024ko urtarrilean egin zen lehenengoz Soraluzeko Udal Liburutegiak antolatutako Irakurketa erronka, Plaentxi Herri Ikastetxeko irakurketa proiektuari babesa eta bultzada eman nahian. Aurtengoa, laugarren edizioa izango da.

Lehen Hezkuntzako 7 eta 12 urte arteko haurrak, 2. mailatik 6. mailara arteko neska-mutikoak irakurtzen trebatu eta zaletzea ditu helburu, haien ulermena eta adierazpena hobetzea eta literatur-zaletasuna sustatzea. Horretaz gain, haurtzarotik herriko liburutegiarekiko atxikimendua eta harremana ere sustatu nahi dira horrela.

Iazko edizioan, 64 neska-mutikok hasi zuten erronka eta horietatik 33k osatu zuten.

Erronkaren funtzionamendua

Irailetik apirilera bitarte, lau gairekin lotutako hainbat irakurgai proposatuko zaizkie haurrei udal liburutegian. Gai bat proposatzen den aldiro, irakurgaiak liburutegian egongo dira ikusgai sei astez eta mailegua bertan egin beharko da, ohiko moduan. Irakurgaia itzultzean, haurrak zigilua jasoko du bere irakurketa erronkako fitxan.

Proposatutako gai bakoitzeko irakurgai bana osatzen duen haurrak saria jasoko du ikasturte amaieran, horretarako bereziki prestatutako sari-emate ekitaldian.

Hauexek izango dira aurten proposatutako gaiak eta datak:

  • Lagun minak: irailaren 28tik azaroaren 11ra
  • Asko dago ikasteko: azaroaren 9tik abenduaren 23ra
  • Ipuin edo poema bat gauero: urtarrilaren 7tik otsailaren 26ra
  • Bidaia fantastikoa: martxoaren 1etik apirilaren 23ra

Kontuan izateko oharrak

  • Mailegua egin ahal izateko, liburutegiko txartela eramatea ezinbestekoa izango da.
  • Haurrentzako ekintza da, beraz haurra bera etorri behar da liburutegira irakurgaia aukeratzera eta mailegua egitera.

Udal liburutegiak Lehen Hezkuntzako umeak animatu nahi ditu Irakurketa erronkan parte hartzera eta liburuek eskaintzen duten unibertsoa esploratzera.