"Batu sutondora" jardunaldiak

"Batu sutondora" jardunaldiak

2017/12/15
Pil-pilean Euskaldunon Elkarteak jardunaldiak egingo ditu larunbat goizean, "11 egun euskaraz ekimena" gai moduan hartuta; herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea da helburua.

Pil-pilean Euskaldunon Elkarteak urtero garaitsu honetan aurrera eramaten dituen "Batu sutondora" izeneko jardunaldiak larunbatean egingo dira, goizeko 10:30etik 12:30era, Herri Antzokian.

"Euskaraldia; 11 egun euskaraz" ekimenaren bueltan antolatutakoa da aurtengo jardunaldia, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, datorren urteko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herriko hainbat herritan burutuko den ekimenaren bueltan, hain zuzen ere.

"11 egun euskeraz" ekimenak helburu zehatza dauka: euskaltzale helduak aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan euskaraz aritu daitezen ulertzen duten herritar guztiekin. Horretarako, hamaika eguneko ekimena gauzatzea proposatzen da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Larunbateko jardunaldiaren helburua ekimena gertuagotik ezagutzea eta berau Soraluzen nola aurrera eraman pentsatzen hastea izango da.

Ekimena antolatzen diharduen "365 egun lan-taldeak" herritarrak larunbateko saioan parte hartzera animatu nahi ditu.