Bero egunak freskatzeko ur-txorrotak martxan eta Sagar Errekako potzu inguruen mantenu lanak eginda daude dagoeneko

Bero egunak freskatzeko ur-txorrotak martxan eta Sagar Errekako potzu inguruen mantenu lanak eginda daude dagoeneko

2026/05/26
Bero egunak freskatzeko ur-txorrotak martxan eta Sagar Errekako potzu inguruen mantenu lanak eginda daude dagoeneko.

Bero egun handiak freskatzeko asmoz eta herritarren eskaerak kontutan hartuta Etxaburueta kaleko ur-txorroten parkearen irekiera aurreratu du udalak. Gaurtik, martitzena, maiatzaren 26tik aurrera goizeko 10:00etatik 21:00ak bitarte irekita egogno dira ur-txorrotak. 

Halaber, datozen asteetarako planifikatuta daude hainbat lan ur txorroen parkean, hobekuntza gisa: teilatua berrituko da eta itzal gehiago egiteko toldoak ezarriko dira. Horrez gain, txorroten mantenuarekin jarraituko da eta gunearen erabilera arautzeko kartela ere ekoizten ari dira.

Ur-txorroten parkearen erabilera arauekin lotuta, udalak gogorarazi nahi du gunea zaintzea herritar guztion ardura dela. Eta bereziki azpimarratu nahi du pertsonak elkarrekin jolasean erabiltzeko dela; animaliak ezin direla ur-txorrotetan ibili eta globoekin jolasten denean, lurreko globo eta bestelako hondakinak inguruan kokatuta dauden zakarrontzietara bota behar direla. 

Feskatzeko aukera gehiago

Freskatzeko aukera gehiago ere badaude herrian: Sagar Errekako putzua, esaterako. Inguruko mantenu eta garbiketa lanak eginda daudela adierazi nahi du udalak eta gunea erabilgarri dagoela. Kokapena ezagutzen ez duten herritarrentzako kokalekua ere elkarbanatu nahi da albiste honen bitartez, Sagar Erreka auzoan kokatuta dagoen putzura oinez gerturatu daitezen, Galvanizados Arrate lantegiaren osteko herri bidetik: kokapena hemen.

Natur gune hau ere guztion artean zaintzeko deia egin nahi zaie herritarrei eta bertan zaborrik ez uzteko eskatu; baita gunea denon artean txukun mantentzearne garrantzia azpimarratu ere.