Bertako zuhaitz gehiago landatzeko dirulaguntza berria

Bertako zuhaitz gehiago landatzeko dirulaguntza berria

2023/04/28
Bertako 1.320 zuhaitz gehiago landatuko ditu Udalak Muskiritzuko mendilerroan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak emandako 47.327 euroko dirulaguntzari esker.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak dirulaguntza deialdia egin du Gipuzkoako Lurralde Historikoan degradatutako eremuak leheneratzeko eta berroneratzeko eta azpiegitura berdeak eta erresilentzia hobetzeko egitasmoak aurrera eramateko.

Aipatu deialdira Muskiritzuko mendilerroan udalaren jabetzakoak diren bi  lursailetan baso-berritze lanak egiteko proiektua aurkeztu zuen Soraluzeko Udalak eta Aldundiak, Udalak aurkeztutako proiektua ontzat eman, eta 47.327,45 euroko dirulaguntza eman dio.

Deialdira aurkeztutako proiektuaren xedea Udalak Muskiritzuko mendi lerroan erosi berri dituen bi lursailetan basoberritze lanak burutzea da, aurtengo neguan bertakoak diren 1.320 zuhaitz berri landatzea hain zuzen ere.

Hauek dira landaketak egingo diren bi lursailak:

  • ATXOLINPE;  17.194 m2,  lursaila. (Poligono 04 Parcela 62).
  • LEGARRETAKO ETXETXO BURUA.  21.749 m2 lursaila. (Poligono 03 Parcela 63).

Lursail  hauetan orain arte pinuak zeuden landatuta. Orain, aldiz, pinuak moztu eta lursaila itxi egingo, akaziazko hesola eta kuadrodun alanbrea erabiliz, eta, ondoren, lursail bakoitzean bertakoak diren 660 zuhaitz landatuko dira bakoitzari tutore eta babesgarria ipiniz.

Balioan jarri, babestu eta garatzeko 239.783 metro karratu

Azken urteetan Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan udalak hamabi lursail erosi ditu, 239.783 metro karraturen jabe egin eta 86.330,94 euroko inbertsioa burutuz.

Bertako zuhaitzen landaketa

Orain arte egin den bezala, lursail hauetan ere bertakoak diren zuhaitz landaketak egingo dira.

Landaketa hauen helburua baso mistoa sustatzea eta bultzatzea da.  Hauek direlarik landatuko diren zuhaitz- espezieak: Haritzak, pagoak, astigarrak, lizarrak, urkiak,  oilakaranak, otsolizarrak, basagereziondoak, sagarminak, elorriz zuri eta beltzak…

Landaketa berri hauei esker, 6.700 izango dira Muskiritzuko mendi lerroan Udalak guztira landatuko dituen zuhaitzak.