Bertako zuhaitzen landaketa

Bertako zuhaitzen landaketa

2020/05/20
Soraluzeko Udalak bertako 900 zuhaitz landatu ditu Idoia-Azkabeitiaburua lur-sailean, Bosques Sostenibles S.L eta GRI Castings y GRI Forjas Iraeta enpresekin elkarlanean.

Soraluzeko Udalak, Bosques Sostenibles enpresarekin sinatutako hitzarmenaren baitan, bertako 900 zuhaitz landatu zituen joan den otsailean udalaren jabetzakoa den Idoia-Azkabeitiaburua lursailean; pagoak, haritzak, artiak eta lizarrak, hain zuzen ere.

Soraluzeko Alkatea den Iker Aldazabalek jakinarazi duenez, aipatutako hitzarmenaren helburu nagusia klima-aldaketa geldiarazten laguntzea da, berdegune eta espazio publikoetan zuhaitz-kopurua handituz. Zuhaiztiek birika berde gisa jarduten dute, udalerriko ingurumen-kalitatea hobetuz.

Bosques Sostenibles S.L ingurumen-kudeaketako enpresa bat da, beste enpresa batzuekin erantzukizun sozial korporatiboko estrategiak adosten dituena, zuhaitzak landatuz eta basoak diseinatuz eta kudeatuz.

Landaketa-lanak egitearekin batera, lursaila garbitu eta itxi egin da. 

Lur sailaren itxitura, garbiketa eta landaketa lanak "Osuma Basolanak" enpresak burutu ditu eta 10.470 euroko, gehi BEZa, kostua izan dute.

Landaketa-lanak GRI Castings y GRI Forjas Iraeta enpresak finantziatzen ditu bere osotasunean.

Argazkian GRI Castings eta GRI Forjas Iraetako ordezkaria eta Bosques Sostenibles enpresako ordezkaria azaltzen dira, Alkatearekin eta Landa Garapenaren eta Inguremenaren zinegotziarekin batera.