"Bizilabe" Zientziaren Txokoa
Joan zen astean abiatu zen "Bizilabe" Soraluzen.
Orain hasi eta ekainera bitarte, Soraluze BHI-ko DBH1 eta DBH2ko gazteek zientzia eta teknologia proiektuak garatuko dituzte institutuan bertan, ostegunero, 15.00etatik 16.30era.
Bizilabe saioetan zehar, Soraluzeko gazteek STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) edukiak era ludiko eta dibertigarrian landuko dituzte. Diziplina desberdinetako esperimentu eta proiektutxoak egiteaz gain, proiektu zientifiko-teknologiko bat garatuko dute. Lehen asteetan jaso duten STEAM eduki aniztasun hori baliagarri izango zaie zer duten gustuko jakin eta horren araberako proiektu gaia aukeratzeko. Taldeka proiektu oso bat garatuko dute, horretarako jarraitu beharreko pausuak ezagutuz. Bide honetan zehar, zientzia eta teknologia eremuetan lan egiten duten bailarako profesionalak ezagutzeko aukera izango dute gainera.
Garatzen dituzten proiektu hauek herrian bertan erakutsi ahal izango dituzte horretarako antolatuko den Azokan, modu honetan Bizilabe kalera atera eta senide, lagun eta herritarrekin batera ekimenak burutuz.