Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna

Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna

2017/10/19
Gaur, urriak 19, Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Mailako Eguna ospatzen da, emakumeak gaixotasuna sasoiz diagnostikatzeak daukan garrantziaz ohartarazteko.

Urriaren 19an Bularreko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna ospatzen da, emakumeak gaixoa garaiz antzemateak daukan garrantziaz ohartarazteko helburuarekin. Eguna baliatzen da garaiz egindako diagnosia dela irtenbiderik onena; izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak dioen moduan, 30 segundotik behin bularreko minbizi kasu bat diagnostikatzen da.

Bularreko minbizia da sarrien ikusten den tumore gaiztoa, bai eta euskal emakume gehien hiltzen dituena ere. Berau sasoiz detektatzea garrantzia handiko kontua da, tratamendu eraginkorragoak eta agresibitate gutxiagokoak aurrera eramateko aukera ematen duelako, bizitza kalitate hobea eta bizirik irauteko aukera gehiago ahalbidetuz.

Euskadin 1995. urteaz geroztik dago abian Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, 50 eta 69 urte arteko emakumeei zuzendutakoa, bai eta bularreko minbizidun senitartekoak dituzten 40 eta 49 urte artekoei ere. Aipatu programaren helburua bularreko minbiziak hastapen fasean detektatzea da, modu horretara heriotza-tasa murriztu eta gaixoen bizitza kalitatea hobetuz, bular-mozketak ekidinez. Gipuzkoari dagokionean, programa honek 236 minbizi-kasu detektatzeko aukera eman zuen iaz, azterketa egin zuten 55.000 emakumeen artean. Antzemandako minbizia-kasu horietako %89,7tan gaixoei bularra moztea ekidin zuen tratamendua emateko aukera izan zen.

Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die gaixotasun hau pairatzen duten emakume guztiei eta adierazi nahi du ezinbestekoa dela ondorengo arloetan lan egiten jarraitzea:

  • Prebentzioan, diagnostikoan, tratamenduan eta ikerketan, gaixotasunak eragindako heriotza-tasak murrizteko.
  • Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren irisgarritasun eta kalitate maila mantentzea.
  • Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak artatzen dituen adin-tarteak zabaltzea, bai eta maiztasuna.
  • Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa hobetzeko aurrerapen zientifikoak baliatzea.