Eguaztenean, apirilaren 22an, emango dira aurtengo Sormen lehiaketako eta Irakurketa erronkako sariak
Liburuaren hilabetea da apirila eta ospakizun horren bueltan hainbat jarduera egiten ari dira Soraluzen; besteak beste, apirila amaierara arte martxan egongo den Irakurri eta Gozatu kanpaina, DBH1eko ikasleentzako Iki komiki liklik tailerra joan den astelehenean edo LH 1etik 4rako ikasleek aste honetan zehar ezagutuko duten Galtzagorriren Hizki hazka literatur aretoa.
Horiez gain, datorren eguaztenean, apirilak 22, XLI. Sormen lehiaketako eta 2025-2026 ikasturteko Irakurketa erronkako sariak ere banatuko dira, propio antolatutako sari-banaketa ekitaldian. Irabazleek eta erronka osatu duten neska-mutikoek sariak eta diplomak jaso ostean, Pantzart antzerki konpainiak Patxi Zubizarretaren ipuinean oinarritutako Korri, Kuru, korri! antzezlana taularatuko du.

Sormen lehiaketa haizeberrituta
Aurten XLI. edizioa du lehiaketak, eta idazlanak bakarrik saritzetik sormena, orohar, saritzera igaro da; horrela, komikia, poesia, bertsoa, ahozko kontakizuna eta idazlana aurkeztu ahal izan dute parte-hartzaileek. Antzolatzaileek aldaketa onetsi dute, testu mota gehiago aurkezteko aukerari esker parte hartzea hazi baita.
Epaimahaiak dagoeneko ebatzi ditu lan saridunak eta hilaren 22ko ekitaldian jakinaraziko ditu jendaurrean.
Irakurketa erronka finkatuta
Iazko azaroaz gero, proposatutako lau gairi buruzko irakurgaiak irakurri dituzte irakurketa erronkan parte hartu duten dozenaka haur eta gaztetxok. 64 neska-mutikok hasi zuten erronka eta horietatik 33k osatu dute.
Hirugarren ikasturtea osatu berritan, irakurketa erronka udal liburutegiko ekintzen artean finkatuta dagoela esan genezake, eta erreferentziazko jarduera dela ikasleen artean.