Datorren eguenean, urriak 9, "Xerka" hitzaldia eta erakusketaren aurkezpen ekitaldia egingo da erakusketa aretoan

Datorren eguenean, urriak 9, "Xerka" hitzaldia eta erakusketaren aurkezpen ekitaldia egingo da erakusketa aretoan

2025/10/07
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolako udazken-neguko egitarauaren baitan, "Xerka" hitzaldia eta erakusketaren aurkezpen ekitaldia egingo da datorren eguenean, urriak 9.

2024ko apirilean eman zituen lehen urratsak Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak bi urteko sortze-prozesuaren ostean. Ahalduntze Eskolak topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat izan nahi du, emakumeen* ahalduntzea sustatuko duena.

Lehenengo programazioen arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak udazken-neguko egitaraua kaleratu berri du eta Xerka hitzaldi eta erakusketarekin ekingo dio ziklo berriari.

Xerka: euskal landa eremuko LGTBIQ+ komunitatearen ispilu

Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu ‘Xerka’ fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBIQ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.

Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu orientazioa edo genero identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ pertsonen migrazio behartuari.

Erakusketa

Hitzaldiaren ostean egingo da argazki-erakusketaren irekiera ekitaldia, urriaren 9an bertan, eguena, arratsaldeko 18:30etan. Hurrengo eguaztenera arteko tartea izango da erakusketa ikusteko, urriaren 15era arte, hain zuzen ere. 

Erakusketak ohiko ordutegia izango du:

  • Astelehenetik barixakura: 18:30 - 20:00
  • Zapatutan: 12:00 - 13:30