Oinarrizko babesa Dolmenen Ibilbideari

Oinarrizko babesa Dolmenen Ibilbideari

2022/05/10
Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan aurkitutako aztarna megalitiko zein erromatarrak babesteko prozedura hasi du Udalak; kontsulta publikoa zabaldu du interesdunek ekarpenak egiteko.

Soraluzeko Udalak prozedura administratiboa hasi du Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkitutako aztarna megalitiko zein erromatarrei oinarrizko babes maila emateko asmoarekin.

Azken urteotan, Soraluzeko Udala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Karakate -Hirikurutzeta mendi lerroan katak egiten ari da. Kata hauen emaitzek bi elementu megalitiko berri azaleratu dituzte: Otsoaldasoroko eta Gortazar-eko zistak. Halaber, azpimarratzekoa da Karakate mendian aurkitutako erromatar garaiko gotorlekua ere.

Udalak aztarna arkeologiko hauek oinarrizko babesa duten kultura-ondasun izendatzea nahi du eta, horregatik, arestian aipatutako prozedura administratiboari hasiera eman dio.

Aipatu prozeduraren barruan, kontsulta publikoa zabaldu du herritar zein erakundeek beren ekarpenak egin ditzaten.

Izan ere, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Komunaren 39/2015 Legearen 133. artikuluak Lege edo Araudi izaera duten arauen garapen edo gauzapen prozeduran hiritarren parte hartzea erregulatzen du, araua egin aurretik, hiritarren eta arau horren eraginpeko izan daitezkeen erakundeen iritziak jasoko dituen kontsulta egin beharra dagoela ezarriz.

Interesdunek 20 eguneko epea izango dute ekarpenak egiteko.

Aranzadiren txostenak azpiko loturetan kontsultatu daitezke:

Hala nahi duten herritarrek, erakundeek eta elkarteek honako posta elektroniko honen bidez helaraz ditzakete beren iritziak: udala@soraluze.eus.