Ekipamendu soziokultural berriak prest

2020/12/21
Dagoeneko erabiltzeko moduan dira ekipamendu soziokultural berriak; duela hilabete erabilera anitzeko areto berria zabaldu zen eta aste honetatik aurrera erabilgarri dago bilerak egiteko gela.

Kiroldegiaren anpliazioak, kirol azpiegiturak hobetzeaz gainera, aukera eman du ekipamendu soziokulturalak ere hobetzeko.

Hori horrela, erabilera soziokulturaletarako bi espazio berri egokitu dira bertan: Erabilera anitzeko aretoa (Tolarekua) eta Elkartegi edo bilera gela.

Espazio berrien sorrerak lehendik zeudenen (antzokia eta antzokiaren atzealdea) erabilera berrantolatzeko aukera eman du. Horrela, antzokia zine zein antzerki saioetarako erabiliko da, baita batzar oso jendetsuetarako ere, bestelako batzarrak areto berrian egingo direlarik.

Berrikuntza eta egokitzapen hauekin kirol zein arlo soziokulturalean zegoen azpiegitura defizita neurri handi batean asetuta gelditzen da.

Erabilera anitzeko gela (Tolarekua*)

Areto berria jarduera ezberdinak hartzeko pentsatuta eta prestatuta dago, izan hitzaldi, tailer, ikastaro zein dantza jarduerak.

Guztira 60 lagun ingururentzako edukiera dauka eta edozein motatako ekintzak egiteko egokituta dago, egurrezko zorua, ispiluak eta proiekzio eta soinu-sistemez hornitua.

(*) Tolarekua izena jarri zaio aretoari, bertan garai batean kokatua egon zen "Tolarekua" baserriaren testigantza moduan.

Elkartegia edo bilera gela

Orain artean merkatu plazaren gainean zegoen "Elkartegia" kiroldegira jaitsi da.

Elkarteek beren bilerak egiteko erabiltzen dute gela, bakoitzak bere armairua duelarik trasteak gordetzeko.

Antzokiko butaka berriak

Bertan egiten ziren hainbat ekintza (bilera, hitzaldi, tailer...) antzokitik erabilera anitzeko gelara eraman izanak aukera eman du antzokian butaka finkoak jartzeko, zine eta antzerki emanaldietarako erosotasuna irabaziz.