Emakumeak lan munduratzeko proiektua

Emakumeak lan munduratzeko proiektua

2021/10/28
Elkar Ekin Lanean estrategiaren baitan, Aldundiak eta Udalak egitasmo pilotua abiatu dute; gizarteratzera eta enplegu duin bat lortzera bideratutako ibilbide pertsonalizatua eskainiko du.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Soraluzeko alkateak, Iker Aldazabalek, ‘Emakumeak, talentua eta aukerak’ egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean Soraluzen. Zainduz-Saiatuz espaziora egindako bisitan adierazi dutenez, aurten bertan abian jarritako proiektu pilotu honen bitartez, bazterkeria arriskuan dauden emakumeen ahalduntzea, gizarteratzea eta lan munduratzea bultzatu nahi dute, lanpostu duin bat lortzera bideratutako ibilbide pertsonalizatuak eskainiz.

Foru Aldundiaren Elkar Ekin Lanean estrategiaren baitan garatu dute bi erakundeok egitasmo aitzindari hau eta, gaurkoan aurreratu dutenez, 2022an indarrean jarraituko du. Laburbilduz, hiru espazio nagusitan banatzen da zerbitzu berritzaile hau. Lehendabizikoan, Zaindu izeneko gunean, erabiltzaileen ahalduntzea eta autonomia indartzeko dinamikak lantzen dituzte eta, aldi berean, lan munduari eta enplegagarritasunari buruzko oinarrizko formazioa jasotzen dute. Bigarrenean, Saiatu izenburupean, hainbat oinarrizko konpetentzia garatzen dituzte, tartean hizkuntza gaitasuna, berau bihurtzen baita askotan baliabide komunitarioetan sarbidea izateko nahiz lanpostu bat lortzeko giltza nagusietako bat. Amaitzeko, Landuz espazioan hezitzaile batek babes eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen die erabiltzaileei, lan mundura eman beharreko jauziak aurrerapausoak ematen jarraitu dezaten. Ahalegin horretan guztian, norberaren beharrari egokitutako ibilbidea garatzen laguntzen diote erabiltzaile bakoitzari, eta aldi berean espazio batean edo gehiagotan parte hartu dezake.

Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, gure gizarteko pertsona “ahulenei”, bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei “gizartean eta lan munduan txertatzeko aukerak biderkatu nahi ditu Soraluzen abian jarritako proiektu pilotu honek. "Lana da tresna nagusia bizitza duina bermatzeko eta baldintza berdinetan bizitzeko proiektu duin bat eraiki ahal izateko", nabarmendu du. Gogoeta horretatik abiatuz, Olanoren esanetan, emakumeak bereziki kolpatu ditu pandemiak eragindako krisialdi sozial eta ekonomikoak. “Asko dagoeneko langabezian zeuden edo lanpostu prekarioak zituzten, emakume migratzaileak, familia monomarentalak, biolentzia matxistaren biktimak, pobrezian iltzatuta zeuden… Emakume hauei guztiei beren beharretara egokitutako ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu, lan duin baten bitartez beren bizitza proiektuak garatu ditzaten”, azpimarratu du.

Diputatu nagusiak “ahalduntzearen eta komunitatearen” garrantzia azpimarratu ditu zerbitzuaren berri emateko garaian. Batetik, esan duenez, onuradun hauen kasuan “funtsezkoa” delako beren ongizate pertsonal eta emozionalak garatzea, norbere autonomiaren eta ahalduntzearen eskutik “prozesu propio bat” eraiki dezaten. Bestetik, “oso garrantzitsua” da baita ere ahalegin horretan “herriko elkarteak eta herriko gizarte sarea” inplikatzea, ibilbide horrek berekin izan dezan gizarteratze “positibo eta aberasgarri” bat.

Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek azaldu duenez, herri mailan, egitasmo honekin aurre egin nahi zaio Soraluzek bizi duen langabezia tasa altuari. “Etorkizunera begira zerbitzu hauek gune batean zentralizatu nahi ditugu, herritarrentzat ahalik eta modu irisgarri eta eraginkorrenean eskaini ahal izateko. Zalantzarik gabe berri ona da egitasmo honek datorren urtean jarraitu egingo duela jakitea, onuradunentzat eta herritar guztientzat oso proiektu garrantzitsua delako”, adierazi dute.

Gaurko aurkezpenean parte hartu dute, baita ere, Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, Jabier Larrañagak, eta Zabaltzen Sartu kooperatibako koordinatzaileak, Maite Saenzek. Azken elkarte hau arduratzen da proiektu pilotua gidatu eta dinamizatzeaz, izan ere, eta Debegesa garapen agentziak ere parte hartzen du bere garapenean.

Bazterkeria arriskuari aurre egiteko estrategia

Euskadiko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko 2020ko inkestaren arabera, Gipuzkoan 36.000 pertsona baino gehiago daude zaurgarritasun egoeran eta, gainera, egoera hori kroniko bihurtzeko arriskua dago. "Elkar-Ekin Lanean-ekin, ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu pertsona hauei. Tokian tokiko babes sare koordinatuen bidez egingo dugu, laguntza emango dietena, lan-merkatura iritsi arteko urrats guztiak ematen lagunduko diena, prestakuntzatik hasi eta laneratzeraino, jarraipen pertsonalizatuarekin", azaldu du diputatu nagusiak.

Horretarako, Foru Aldundiak 16 lan ildotan eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia prestatu du, apirilean aurkeztu zitzaiona Gipuzkoako gizarteari. Estrategia horretan kokatzen da, hain zuzen ere, gaur Soraluzen aurkeztutako proiektu pilotua.

Elkar Ekin Lanean Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan garatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat dator. Helburua da "lan inklusiborako aukerak ugaritzea" eta lurraldeko erakunde, enpresa eta eragile guztien parte hartzea lortzea ahalegin kolektibo horretan. "COVID-19ak eragindako krisi sozialari aurre egiteko palanka bat da, alde batetik, eta epe ertainean, desberdintasun sozialei aurre egiteko tresna partekatu bat", adierazi du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, Gipuzkoak, gizarte aurreratu gisa, "pertsona guztientzat kalitatezko enplegu duina eta inklusiboa" bermatzeko hartu behar duen erantzukizuna da jokoan dagoena.

Elkar-Ekin Lanean ekimenaren bidez, datozen hiru urteetan 3.500 lanpostu berri sortzea du helburu Aldundiak, baztertuta edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat. Aldi berean, gaur egun lurraldean lan egiten duten laneratze enpresen kopurua bikoiztu nahi da, baita 2.500 pertsonari prestakuntza eskaini eta 4.000 pertsonari lagundu ere, lan munduan finkatu arte.