Emakumeen intsertzio soziolaborala

Emakumeen intsertzio soziolaborala

2019/02/07
Debabarreneko Intsertzio Soziolaboralerako Sareak ikastaroa antolatu du herriko emakumeek gizarte bazterketa eta pobrezia-arriskua ekiditeko estrategiak eskuratu ditzaten.

Debabarreneko Intsertzio Soziolaboralerako Sareak herriko emakumeei zuzendutako formazio programa bat jarri du abian, "Zure jabetzako bidea" izenburupean eta Soraluzeko Udalarekin, Debegesarekin eta Zabaltzen-Sartu elkartearekin elkarlanean.

Programa hau gizarte bazterketa eta pobrezia arriskuan dauden herriko emakumeei dago zuzenduta eta Eusko Jaurlaritzak, Europako Gizarte Funtsak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute.

Ikastaroan ahulezia egoeran eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden 15 emakumek hartu ahal izango dute parte, eta beren motibazioa indartzea, jarrera aldatzea eta espektatibak sortzea izango da helburua.

Ikastaroan parte hartuko duten pertsonen kaptazioa eta aukeraketa Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Sartu-Zabaltzen elkarteko orientatzaileek eta Debegesak egingo dute.

Programan parte hartuko duten emakumeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

  • Soraluzen erroldatuta egotea.
  • Gaztelera ongi ulertzea, ahoz zein idatziz.
  • Langabezia egoeran egotea edo enplegu prekarioa izatea.
  • Pobrezia egoeran egotea, gizarte laguntzak jasoz.
  • Bikotearen edo bikote ohiaren aldetik indarkeria jasatea.
  • Migratzailea izatea.
  • Bakarrik egotea eta beren ardurapean dependentzia duen pertsonaren bat izatea.
  • Gutxiengo etnikoetako pertsona izatea.
  • Adikzio-arazoak dituzten emakumeak izatea.
  • Langabezian denbora luzea eramatea.
  • Udaleko gizarte zerbitzuen erabiltzailea izatea.
  • Orokorrean, bazterketa eta arrisku egoeran egotea.

Parte-hartzaileak aukeratzeko elkarrizketak atzo hasi ziren eta ikastaroa otsailaren 22an hasi eta maiatzaren bukaeran amaituko da, astearte eta ostiraletan egingo delarik, 3 orduz, goizez, eskola-orduetan, guraso-zereginekin bateragarria izan dadin.

Ikastaroa amaitu ondoren, enplegura bideratutako ikastaro bat egitea da asmoa, garbiketaren arloari lotutakoa.