Errenta aitorpena euskaraz!

Errenta aitorpena euskaraz!

2021/04/23
Herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiatu du aurten ere Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak, "Aurten 500 baietz!" lelopean.

Urtero garaitsu honetan egiten duen moduan, aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbidapena egin nahi die Soraluzeko Udalak herritarrei, administrazioarekiko harremanean ere euskararen erabilpena bultzatzeko helburuarekin.

Hori horrela, "Aurten 500 baietz!" izeneko kanpaina abiatu du, orain hasi eta uztailaren amaierara arte luzatuko dena. Izenak ondo adierazten duen moduan, kanpainaren helburua 500 soraluzetarrek aurtengo errenta aitorpena euskaraz egin dezaten lortzea da.

Aurtengo errenta-kanpaina abian da dagoeneko eta gaurtik aurrera onartu daitezke autolikidazio-proposamenak. Errenta makanizatua egiteko hitzordua eskatzeko epea hilaren 16an zabalduko da.

Aitorpena egiteko moduak

Gaur egun errenta egiteko 3 modu daude, eta guztietan erabili daiteke euskara:

  • Autolikidazio proposamena.

Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

  • Mekanizatua.

Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.

Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

  • Internet bidezkoa

Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezazu.

Aitorpena egiteko egutegia

Autolikidazio proposamenak onartzea: 2021/04/12tik 2021/06/30era.

Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: 2021/04/16tik 2021/06/08ra

Errenta mekanizatua egiteko epea: 2021/04/19tik 2021/06/30era.

Internet modalitatearen epea: 2020/04/15ean hasi eta 2021/06/30era.