Errotonda berria egiteko lanak

2017/10/10
Joan zen astean eman zitzaien hasiera herri sarreran eraikitzen ari diren Irukurutzetako biribilgune berriaren lanei; errotondak asko erraztuko ditu herriko sarrera-irteerak, herri barruko trafikoa gutxitzearekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan zen astean eman zien hasiera, GI-627 errepidean, Irukurutzetako biribilgunea egiteko lanei.

Hau da iaz onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusitako lehendabiziko interbentzioa.

Biribilgune berriak asko erraztuko du herrirako sarbidea eta arindu egingo du herri barruko trafikoa, Soraluzeko hegoaldera GI-627 errepidetik bertatik iritsi ahal izango baita, herri osoa zeharkatu beharrik gabe.

Errotondak 36 metroko diametroa izango du eta GI-627 errepidearen 51,980 puntu kilometrikoan eraikiko da, Irukurutzeta deituriko tokian.

Gaur egun Maltzagatik (Iparraldetik) datozen ibilgailuek bi aukera dituzte udalerriaren hegoaldera (Txurruken, Gipuzkoako hiribidea, Errekaldea...) joateko: Hirigunea aldenik alde zeharkatu, herri barruko trafikoa handituz. Antzeko zerbait gertatzen da ere hegoaldetik iparraldera (Maltzagara) joateko orduan.

Errotonda berriak, beraz, ikaragarri aldatuko ditu gauzak, herrirako sarrera-irteerak erraztu egingo ditu eta herri barruko trafikoa gutxitu.

Lanak Excavaciones Peru S.L. enpresak egingo ditu eta 4 hilabeteko iraupena izango dute, berauen kostua 290.682,35 €-koa, gehi BEZa, izango delarik.