Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz

Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz

2021/12/07
"Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean, merkataritza sektorean lehen hitza euskaraz egitea sustatzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu du Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak.

Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Foru Aldundi eta udalekin batera, merkataritzan euskara sustatzeko abiatu duen kanpaina da.

Guztira 60 udal baino gehiago ari dira parte harzen kanpainan. Bilbo da kanpainarekin bat egin duen hirietako bat eta bertako udaletxean egin zen joan den astean aurkezpen ekitaldia. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta BilbaoDendak elkarteko presidente Rafael Gardeazabalek aurkeztu zuten kanpaina.

Merkataritzaren testuinguruan euskararen erabilera konfiantzarekin lotzen du kanpainak. Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitatearekin lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aipatu zuenez “Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Eremu sozioekonomikoaren planak agintzen digu garrantzitsua dela merkataritza eta kontsumo eremuetan zerbitzu hizkuntza euskara izan dadin sustatzea. Eta eskakizun horri erantzunez egin da kanpaina hau. Herritarrak, kontsumitzaileak,  aktibatu nahi ditu euskara erosketa unean erabiltzera animatuz. Eta alderantziz, jarduera ekonomikoa herrian dutenak gonbidatu nahi ditu euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera. Bi erpin ukitzen ditu. Erosterakoan eta saltzerakoan ere egin dezagun lehenengo hitza euskaraz”. Zupiriak gaineratu zuenez “kanpainak gainera gure hizkuntza, euskara, eguneroko erosketarekin, hurbiltasunarekin, herriko harremanekin lotzen du. Gertukoa eta bertakoa lotzen du euskararekin”.

Kanpainaren ezaugarri nagusiak

Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, “Jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta sentsibilizatzea du helburu.

Mezu horri spot baten forma eman zaio eta hori da kanpainaren ardatza. Spotak biloba eta amona bat irudikatzen ditu egunerokoan. Amonak bilobari erosketak egitera ateratzeko eskatzen dio eta erosi beharrekoen zerrenda bat aipatzen dio. Hainbeste dira amonak emandako jarraipenak, bilobak zer erosi behar duen ahazten duela okindegira iristean. Okinak baina, amona ezagutzen du eta bilobak ezer eskatu gabe “betikoa” eskaintzen dio. Spotak islatzen duen egoera hau bezeroaren eta merkatariaren arteko eguneroko harremanetik sortzen den konfiantzaren isla da.  Eta horrekin batera, norbera bere hizkuntzan artatua izatea konfiantza hori eraikitzeko bidea dela.

Spotaren zabalkundearekin batera, udalen elkarlanak garrantzi berezia dauka aurtengo edizioan. Merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina autonomo edo isolatuak egin beharrean, modu bateratuan egitearen aldeko izan dira EAEko udal ordezkariak (EUDEL, UEMA, hiru Aldundiak eta bat egin duten udal, koadrila nahiz mankomunitateak), eta azken bi urtetan egindako koordinazio lana oso modu positiboan baloratu da. Hala, datozen urteei begira, kanpaina denboran iraunkorra eta bateratua izan dadin adostu da denen artean. Eusko Jaurlaritzan eskainitako euskarrien zerrenda batetik abiatuta, udal bakoitzak norberaren errealitatera egokitutako estrategia bat jarraituko du datozen asteetan zehar spotaren mezua gizarteratzeko helburuarekin.

Azaroaren 17an eman zitzaion hasiera kanpainari eta abenduaren 31ra bitartean luzatuko da modu ofizialean, nahiz eta eremu batzuetan urtarrilean ere mantenduko den merkealdiei keinu eginez.