Eskola Kirola kudeatzeko lan-mahaia

2021/10/21
Eskola Kirola kudeatu eta artatzeko egiturak sortzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean egindako ekitaldian Soraluzeko Udalak, Plaentxi Herri Ikastetxeak eta Atxolin Guraso Elkarteak.

Gaur goizean udaletxean bertan egindako ekitaldian, Eskola Kirolaren kudeaketarako egiturak sortzeko hitzarmena sinatu dute Udalak, herriko ikastetxeak eta Atxolin Guraso Elkarteak.

Indarrean dagoen arautegiaren arabera, udal administrazioei Foru Aldundiek egin eta onartutako eskola kirolari buruzko programetan modu koordinatuan parte hartzea dagokie.

Ikastetxeak izango dira kirolean parte hartzeko ibilbidearen barruko jardueretan parte hartzeko lehentasunezko esparrua, eta haiek arduratuko dira prestakuntza, antolakuntza eta administrazio alderdiez.  Herri administrazioek, aldiz, ikastetxeen eta kirol klub eta elkarteen arteko elkarlana sustatu beharko dute, jardueren prestakuntza-izaera segurtatzeari begira.

Hori horrela, Soraluzeko Udalak eta PHI Ikastetxeak eskola kirolaren kudeaketarako herriko lan-mahaia eratu dute, herriko ikastetxeetako guraso elkarte eta kirol elkarteekin batera.

Eskola kiroleko programa modu koordinatu batean garatzea izango du lan-mahai horrek zeregin moduan.

Plaentxi L.H.I.-k bere gain hartzen du eskola kirola aurrera eramateko behar den egitura jartzeko konpromisoa; Udalak, aldiz, eskola kiroleko jarduerak kudeatzeko, herriko ikastetxeek, kirol elkarteek, guraso elkarteek eta Udalak berak osatutako egitura eratu eta aurrera ateratzeko konpromisua hartzen du, horretarako behar diren baliabideak jarriz.