Eskolako Agenda 21

2020/06/09
Aurtengo ikasturtean ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren gaia landu dute Debabarreneko ikasleek; COVID-19a dela eta, Udalak bideoz erantzun die ikasleek helarazitako proposamenei.

Aurten, bizi dugun osasun krisi egoera dela eta, urteroko Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin beharrean, udalek bideo bidez erantzun diete ikasleen eskaera eta proposamenei.

Ostiralean izan zen Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzeko asmoz, Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten ikasleei Soraluzeko Udalak beren proposamenen erantzunak bideo baten bitartez bidali zizkien, joan zen urtean proposaturiko ekimenen errepasoa egitearekin batera.

Aurtengo ikasturtean ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren gaia landu dute Debabarreneko ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Soraluzeko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenen artean ondorengokoak daude:

  • Bigarren eskuko arropa trukaketa azoka edo bigarren eskuko azoka urtean behin baino gehiagotan antolatzea.
  • Egunaren bukaeran tabernak soberan dituzten elikagaiak udaletxean koka daitekeen hozkailu batean gordetzea proposatzen dugu.
  • Erosketak egiteko dendetan plastikoko poltsak debekatzea eta ordezkatzeko, udaletxeak herritar guztiei oihaleko poltsak banatzea.

Hauxe da bideoa:

Eskolako Agenda 21 Debabarrenean

Udalekin elkarlanean, 19 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 21.

Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 30 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 21 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.