Enpresen mapa birtual berria

Enpresen mapa birtual berria

2017/05/16
Debabarrenako Garapen Agentziak (Debegesa) eskualdeko enpresen mapa berria osatu du GIS teknologia erabiliz, enpresen gaineko informazioa modu erraz eta interaktiboan emateko helburuarekin.

Debegesa, Oarsoaldea, eta Goieki Garapen Agentziek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, GIS - Geografia-informazioko sistema - teknologian oinarritutako tresna berria garatu dute, eskualde hauetan kokatuta dauden enpresei buruzko informazio eguneratua bilatzeko eta eskuratzeko aukera ematen duena. Era berean, enpresek aukera dute bertan azaldu edota informazioa eguneratzeko modu erraz, azkar eta erosoan.

Tresna honek software libreko aplikazioak erabiltzen ditu eta orain artean erabiltzen zen mapa birtualaren funtzionalitateak nabarmen hobetzen ditu. Informazioa modu erraz eta azkarrean kudeatzea eta aldatzea ahalbidetzen du, une oro eguneratuta egon dadin, eta intuitiboa eta erabiltzeko erraza da.

Honenbestez, datu-base sendo, aberats eta zabala da, erabat bisuala. Eskualdea aukera daiteke, herria, industrialdea eta, azkenik, informazioa eskuratu nahi dugun enpresa, sinpleki sagua maparen gainean jarriz.

Tresna egiazki erabilgarria da gertu ditugun enpresa askoren gaineko informazioa begiratu eta eskuratzeko. Halaber, enpresentzat tresna eraginkorra da oso euren instalazioak, produktuak, promozioak, eskaintzak, katalogoak edota zerbitzuak une oro eguneratuta aurkez ditzaten.

Enpresen mapa birtual berria herritarren eskura dago interneten, www.enpresagida.eus webgunean; baita Debegesa, Oarsoaldea eta Goieki garapen agentzien webguneetan ere.