Esperientziaren Gelari buruzko balorazioa
Soraluzeko Udalak balorazio oso positiboa egn du 2019. urtean zehar Esperientziaren Gelak izan duen harreraz eta 5.000 euro jaso ditu aurtengo aurrekontuan ekimenarekin jarraitu ahal izateko.
Gizarte Ongizatearen Batzordeko buru den Patricia Borinagak azaldu duenez, "ekimenaren arrakastaren arrazoia izan da interesdunek beraiek proposatu dituztela landu diren gaiak".
Bestalde, aipatu du "ekimen honek balio izan duela "Itxaropena" Jubilatuen Etxea indartzeko eta adineko pertsonen bilgune bihurtzeko, gizarte eta kultur arloko ekintza ezberdinak bertan burutuz, modu horretan Gizarte Ongizatearen Departamentuak zuen aspaldiko helburu bat bete delarik".
Antolatu diren ekintza ezberdinek izan duten harrerari dagokionean, Borinagak adierazi du "aurreikuspen guztiak gainditu direla eta horrek aurrerantzean ere ekimen honekin jarraitzera animatzen dituela, datorren urteko aurrekontuan 5.000 euro jasoz horretarako".
Orain artean antolatu diren ekintzak eta bertaratutakoen kopuruak
-
Iraila (Alkarri Elkartea): Hitzaldia “Una tertulia para el recuerdo” Bertaratuak : 35-40 pertsona.
-
Urria (Adindu): Tailerra, 4 saio “Lo tengo en la punta de la lengua. Estrategias para hacer frente a los olvidos cotidianos” Bertaratuak: 47 pertsona
-
Azaroa (Alkarri Elkartea): Hitzaldia “Cocina. Sabor. Historia. Gaztañerre Express" Bertaratuak: 15-20 pertsona.
-
Azaroa (Paso a Paso): Tailerra, 4 saio “Experiencia emocional, autoestima, risoterapia y experiencia vital” Bertaratuak: 25 pertsona. Urtarrilean berriro egingo da, tokirik gabe gelditu zirenentzat.
Esperientziaren Gelaren balorazioa egitearekin batera, "Luzaketa tailerra"-ren gaineko balantzea ere egin nahi izan du Udalak. Egitasmoa 2017an jarri zela abian ekarri du gogora, Debabarreneko Esperientziaren Eskolako hainbat ikaslek bultzatuta, eta Udalak lehendabiziko momentutik egin zuela bat proiektuarekin, udalerriko pertsona helduen ongizatea bultzatzeko asmoarekin. Gaur egun "Luzaketa tailerrak" bi talde ditu, bata goizez (09:15), astelehen, asteazken eta ostiraletan, 24 pertsonakoa; eta, bestea, arratsaldez (17:00), astearte eta ostegunetan, 6 pertsonakoa. Bertan edozein herritarrek hartu dezake parte, egoera fisikoa hobetu, sedentarismoari aurre egin eta harremanak aberasteko.
Bukatzeko, Borinagak adierazi du bere borondatea eta egungo Gobernu Taldearena zahartzaro aktiboa eta osasuntsua ahalbideratzen duten ekintzak bultzatzen jarraitzea dela. Horren adibide modura jarri du berriki herrian sortu den "Plaentxia Kantuan" ekimena, non abestea gustoko duten 25 pertsona inguru astero elkartzen diren Itxaropena Jubilatuen Etxean entseguak egiteko eta hilean behin kalera kantura irtetzeko.