Estaziñoko jolas-parkeko jaialdia

Estaziñoko jolas-parkeko jaialdia

2018/05/08
Ekintzaz beteriko arratsaldea prestatu dute Estaziñoko jolas parkean ostiralerako; aurpegi margoketa, fruta batidoak, oreka jolasak eta graffiti tailerraz gozatu ahal izango da.

Estaziñoko jolas parkea aspaldi inauguratu bazen ere, eguraldi txarrak ez zuen antolatuta zeuden ekintza guztiak aurrera eramateko aukerarik eman. Egitarauaren zati bat elizpean burutu zen, eta bertan behera laga ziren prestatuta zeuden hainbat ekintza.

Orain, udaberriarekin batera, eta eguraldia hobea izango denaren esperantzan, ongi-etorri festa egin nahi zaio parkeari.

Festa ostiral honetan egingo da, maiatzak, 11, arratsaldeko 4:30etik aurrera.

Arratsalde ederra prestatu dute antolatzaileek eta denetik egiteko aukera izango da: aurpegi margoketa, fruta batidoak, oreka jolasak eta graffiti tailerra!

Parkea eraikitzearekin ez dela HAURREN HERRIARI EKIN proiektuaren baitan abiatutako hausnarketa amaitzen jakinarazi dute Soraluzeko Udalak eta proiektuan lanean diharduten gainontzeko eragileek eta aurrerantzean ere herrian esperimentaziorako, sormenerako eta jolaserako guneak izateko lanean jarraitzeko gogotsu daudela adierazi dute.