Estazioko parkea berritzeko batzarra
Estaziñoko parkea eraberritzeko helburuz parte-hartze prozesua burutu da azken hilabeteetan herriko haurrekin; gurasoek daukaten iritzia ezagutu eta beren ekarpenak jasotzeko bilera egingo da astelehenean.
Aurtengo apirilean abiatu zuen Soraluzeko Udalak "Jolasan Estaziñua" izeneko proiektua.
Proiektu honen helburua modu parte hartzailean, haurren, gurasoen eta bestelako agenteen iritziarekin, Estaziñoko parkea berritzea zen.
Proiektuaren protagonistak haurrak dira, eta beraiek izan dira, hilabete hauetan guztietan egindako hainbat lan saieotan, parkea diseinatzen ibili direnak.
Orain, haurrek pentsatutako hori gurasoekin konpartitzea da asmoa, beraien iritzia eta ikuspuntua kontuan hartzea ere beharrezkoa delako.
Horretarako, gurasoek proiektua ezagutu eta beren iritzia eman dezaten, bilera zabala antolatu da datorren astelehenean, arratsaldeko 6:30ean, udaletxeko saio aretoan.