Estazioko parke berria

Estazioko parke berria

2017/12/29
Berau diseinatzeko prozesua amaituta, otsailaren hasierarako egongo da erabilgarri estazioko parke berria; Azpeitiko Kimu Bat enpresak egingo du egurra eta material naturalak erabiliz.

Abenduan zehar udaleko langileek jolas parkeko tramankulu zaharrak kendu eta eremua egokitu ostean, urtarrilean hasiko da Azpeitiko Kimu Bat enpresa parke berria eraikitzen eta, aurreikusitako epeak betetzen badira, urtarrilaren amaierarako edo otsailaren hasierarako prest izango da estazioko parke berria.

Aldi berean, gurasoek egindako eskaerari erantzunez, parkean argiztapen sistema berria ezartzeari ekingo dio Udalak, 4 farol edo argi-puntu jarriz.

Parkeko lanekin amaiera emango zaio apirilean hasitako "Jolasan estaziñua" izeneko parte-hartze prozesuari. Prozesuaren helburua estazioko parkea zaharberritzea zen, haurren eta gurasoen iritzi eta ekarpenak kontuan hartuta, bai eta parke eredu ezberdinen eta parkeek haurren heziketan duten garrantziaren gaineko hausnarketa egitea.

Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordeak modu positiboan baloratu du aurrera eramandako prozesua eta eskertu nahi ditu bertan parte hartu duten pertsona guztiek egindako ekarpenak. Aipatu Batzordeko lehendakariak aipatu duenez "parke eredu ezberdina eman du emaitza moduan prozesuak, orain artean zeudenetatik oso bestelakoa, elementu naturalei (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturei garrantzia berezia emanez".

Parke berriaren aurrekontua 42.618,62 eurokoa da.