Gaur hasi eta maiatzaren 3ra bitartean egingo da; Etxeko hizkuntz ohiturez "hausnartzea eta ekitea" dira helburuak, udazkenean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren atariko modura.
Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.
Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago.
Horregatik, ondorengo proposamena luzatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek etxean eman behar ditugun egun hauetarako: hasiko gara hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen?
Hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamena
Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dena. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.
Hiru fase dituen ekimena
Ekimena hiru fase izango ditu:
Ekimenaren aurkezpena, apirilaren 20an.
Hizkuntza-portaeren eta ohituren gaineko hausnarketa, apirilaren 21etik 23ra.
Ohiturak aldatu edo finkatzeko zazpi proposamen praktiko, apirilaren 24tik 30era.
Amaierako ekimen bateratua, maiatzaren 3an.
Ekimenak irauten duen bi asteetan, goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan ikusentzunezko pilula laburrak zabalduko dituzte, Etxealditik Euskaraldira ekimenean parte hartzeko jarraibideak emanez.
Herritarrek ekimenean parte hartzeko bi bide nagusi proposatu dituzte. Bata, digitala; ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sare sozialen bidez zabaltzea, @euskaraldia eta #EtxealditikEuskaraldira traolak erabilita. Eta, bestea, fisikoa; leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea, etxe horretako herritarrak ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko. Puntuaren diseinua datorren astean zabalduko dute.