Etxebizitza Bulegoak aurrez aurreko arreta emango du Soraluzen, eguaztenetan, Kalebarren 8n

Etxebizitza Bulegoak aurrez aurreko arreta emango du Soraluzen, eguaztenetan, Kalebarren 8n

2026/02/23
Soraluzek aurrez aurreko arreta izango du birgaitzea, alokairua eta energia-eraginkortasuna bultzatzeko martxan ipini den Debabarreneko Etxebizitza Bulegoarekin.

Kalebarren 8an kokatuta dagoen birgaitze arloko herritarren arretarako bulegoak bere zerbitzuak zabaldu ditu eta alokairurako laguntzei eta efizientzia energetikoari buruzko informazioa ere eskaintzen du, honela Debabarreneko Etxebizitza Bulegoa bihurtuz.

Soraluzeko Udalak, Debegesarekin eta Debabarreneko gainerako udalekin elkarlanean, abian jarri duen eskualdeko zerbitzua da, herritarrek aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua modu hurbil eta pertsonalizatuan eskura dezaten.

Bulegoak aurrez aurreko arreta eskainiko du Soraluzen eguaztenero, 8:15etik 16:00etara, Kalebarren 8an.

Eskualdeko bulego ibiltariaren jarduera nagusiak

Zerbitzu berriaren funtzioen artean hauek nabarmentzen dira:

  • Herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere (EEE, udal-laguntzak, besteak beste), auzo-komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak.
  • Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzea, Eusko Jaurlaritzak eta udalek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz, bai jabeei, bai balizko errentariei.
  • Gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, bai eta energia-horniduren (elektrizitatea, gasa...) fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen.
  • Energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuz.

Aurretiko hitzorduarekin

Arreta egokia bermatzeko, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da. Soraluzeren kasuan, interesa dutenek 675873853 (Leire Azpiazu) telefono mugikorrera deitu beharko dute hitzordua hartzeko.

Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arduradunak azaldu duenez, “ekimen honen helburua da dauden laguntza publikoetarako sarbidea erraztea, alokairurantz bultzatzea eta birgaitze jasangarria sustatzea, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzen lagunduz”.

1998az geroztik, Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkartea den aldetik, hiria birgaitzeko zerbitzu integrala eskaintzen du, herritarrak kontzientziatzeko eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeak dakartzan abantailez, eta auzo-komunitateei, jabeei edo inkilinoei eraikinak eta etxebizitzak birgaitzen laguntzeko. “Eskualdean indar handia duen zerbitzua da. 2025ean, esaterako, Debabarreneko 1.240 lagunek egin zituzten zaharberritze lanei buruzko kontsultak.”