Eusfera ekimenak familientzat elkarguneak eta misioak antolatuko ditu maiatzean
Aisialdia Elkarrekin taldeak (Atxolin, Keixeta, Kukumixo, Pil-pilean eta Udala) dihardu antolaketa lanetan, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin koordinatuta eta ludotekarekin, gaztelekuarekin eta Katamarranekin elkarlanean.
Euspazioak, herrian familiek elkarrekin parte hartzeko ekimenak
Umeek gurasoekin batera parte hartzeko ekintzak izango dira Euspazioak. Ekintza aktiboak izango dira, parte hartzekoak. Ekintza guztietan euskara erdigunean egongo da, eta euskarara hurbiltzeko aukera eskainiko dute modu atseginean, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei ere espazio hauetan parte hartzeko aukera zabalduz. Xuxurlariak egongo dira ekintzetan, hiztegitxoak erabiliko dira eta beste hainbat tresna ere bai.
Jarraian ageri dira Soraluzen antolatuko diren Euspazioak:
| EKINTZA | NORENTZAT | NOIZ | IZENA EMATEKO EPEA | IZENA EMATEKO LOTURA |
|
Patata tortilla lehiaketa: gaztetxoak gurasoen kontra Gaztelekuan |
LH5 eta LH6ko umeentzat eta haien gurasoentzat |
Maiatzaren 8an LH5: 16:30-18:00 LH6: 18:00-19:30 |
Izena emateko azken eguna: maiatzak 6 | Gurasoek izena emateko:hemen |
|
Kalekantoian jolasian Ludotekarekin herrigunean |
4-10 urte bitarteko umeak dituzten familientzat |
Maiatzaren 11tik 15era (talde bakoitzak bere ordutegian) |
Izena emateko azken eguna: maiatzak 6 | Familiek izena emateko: hemen |
|
Kantu-jolas tailerra Katamarranen |
0-5 urte bitarteko umeak dituzten familientzat |
Maiatzaren 15ean 17:00etan |
Izena emateko azken eguna: maiatzak 12 | Familiek izena emateko: hemen |
|
Altxorraren bila sendabelar artean Bidegorrian |
4-12 urte bitarteko umeak dituzten familientzat |
Maiatzaren 16an 11:00etan |
Izena emateko azken eguna: maiatzak 12 | Familiek izena emateko: hemen |
Familiek elkarrekin etxean egiteko ekintzak, Euskonauten bidaia
Ekimenaren baitan, familiek etxean elkarrekin egiteko hainbat misio proposatzen dira Eusfera webgunean, euskaraz, gazteleraz zein frantsesez, “Gurasoentzako txokoa” izeneko atalean; Euskonauten bidaia izena dauka. Bertan, familia bakoitzaren neurrira egindako misioak eskuratzeko galdetegia betetzeko aukera dago: etxe bakoitzeko umeen adina eta gurasoak euskaldunak diren edo ez kontuan izanda, proposamen egokitua jasoko du horrela familia bakoitzak. Horrez gain, “Baliabideak” atala ere badago, planetaka antolatuta (ipuinen planeta, jolasen planeta, musikaren planeta…) eta interneten topatu daitezkeen baliabide sorta handi bat dago bertan jasota, edozeinek erabiltzeko moduan.
Misioak beteta, saria eskuratzeko aukera
Plaentxi Herri Ikastetxeko ikasle guztiek ekimenari buruzko azalpenak jasoko dituzte paperean eta Euskonauten bidaiarako “pasaportea” izeneko dokumentua ere bai, etxean egindako misioak bertan apuntatzeko. Misioak betetzen dituztenek eskolara eramango dute Euskonauten bidaiarako “pasaportea” maiatzaren 22a baino lehen. Hala egiten dutenen artean, lau sari zozketatuko dituzte antolatzaileek: liburu sorta bat, CD sorta bat, jolas bilduma bat eta ikuskizun baterako launa sarrera.
Zalantzak argitzeko, 601602347 telefono zenbakira deitu edo idatzi daiteke.