Nazioarteko kooperaziorako laguntza

Nazioarteko kooperaziorako laguntza

2020/04/21
Soraluzeko Udaleko Osasun, Ongizate eta Inmigrazio Batzordeak 1.311,03 euro bideratuko ditu aurtengoan ere nazioarteko kooperaziora, Euskal Fondoa Elkartearen bitartez.

Soraluzeko Udalak urteroko ekarpen ekonomikoa egin dio nazioarteko lankidetzari, Euskal Fondoa Euskal Toki Erakunde Kooperanteen Elkartearen bidez.

Udalak 1.311,03 euro bideratuko ditu 2020. urtean aipatutuako erakundeak aurrera eramaten dituen proiektuak finantzatzeko.

Euskal Fondoa Lankidetza Deszentralizaturako koordinazio eta laguntza tresna bezala eratu zen, 1996. urtean, Hegoaldeko instituzio, erakunde sozial eta komunitateekiko harreman solidarioen alde diharduten Euskal Herriko esperientzia lokalak biltzen dituen lankidetzarako tresna bezala.

Elkarteak bere kideek lankidetzarako eragile aktiboen papera hartu dezaten bultzatzen du, guzti hori programekiko autonomia eta identifikazio lokala mantenduz, eta ekimen bateratu, informazio eta esperientzien elkar trukaketa, asistentzia teknikoa, eta abarren bidez eraginkortasun handiago bat lortu asmoz.

Garapenerako lankidetzara eskainitakoaz gain Euskal Fondoa justizian, berdintasunean, tolerantzian oinarritzen diren elkarbizitza baketsurako baloreak sustatzen, eta guztiok bizitza sozial, kultural eta politikoan aktiboki parte har dezagun bultzatzen saiatzen da.

Gaur egun, Euskal Fondoa lehentasunezko bost herrialdetan zentratzen eta kontzentratzen ari da bere ahalegin kooperanteak: El Salvadorren, Guatemalan, Nikaraguan, Kuban eta Mendebaldeko Saharan.