Euskara ikasteko diru-laguntzak

2020/07/29
Soraluzeko Udalak 12.441 euro erabili ditu amaitu berri den ikasturtean euskara ikasten ari diren herritarren ikasketa-prozesua diruz laguntzeko; 27 ikaslek jaso dute diru-laguntza.

Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Sailak urteak daramatza herritarrei euskara ikasteko diru-laguntzak ematen, batere merkea ez den ikasketa-prozesua eramangarriagoa egiteko.

Amaitu berri den 2019-2020 ikasturtean 12.441 euro bideratu ditu Udalak zeregin honetarako, guztira 27 pertsonaren ikasketa-prozesua lagundu duelarik diruz.

Diru-laguntzak ikastaroaren matrikula-kostu osoa edota kostuaren portzentaje bat estaltzen du, portzentaje hori inoiz ez delarik %50 baino txikiagoa izaten. Aurtengo ikasturtean, 24 ikasleri matrikula-kostu osoa ordaindu die Udalak eta 3 ikasleri kostuaren erdia.

Eskatzailearen errenta-maila da aipatutako portzentaje hori ezartzeko erabiltzen den irizpidea.

Aurtengo diru-laguntzen bigarren zatiari dagozkion ordainketak irailaren hasieran egingo ditu Udalak.