Euskara ikasteko hainbat aukera izango dira Soraluzen 2026-2027 ikasturtean zehar
Soraluzeko Udalak euskara ikasteko aukera ugari eskainiko ditu 2026-2027 ikasturtean zehar Pil-pilean euskaltzaleen elkartea, Plaentxi herri ikastetxea, AEK eta Ebete hizkuntza zerbitzuekin elkarlanean.
Ikastaro eta hitzaldiak doakoak izango dira edo dirulaguntza ugari eskainiko ditu Udalak ikasketekin laguntzeko.
Eskuorria kontsulta daiteke hemen.

Senideentzako euskara ikastaroak
Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasten ari diren umeen gurasoe edo legezko tutoreek berebiziko garrantzia dute familiako harremanetan eta euskararen transmisioan.
Ikastaro hauen helburua, alde batetik, gurasoak umeen egunerokora hurbiltzea da, eta haiek motibatzea ikusaraziz nolako balioa ematen zaion euskarari familian eta inguruan. Beste aldetik, ikasle horiek beren umeen ikastetxeko beste guraso batzuk izango dituzte ikaskide, eta hori aukera aparta da beren arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko.
Gainera, eskolak ikastetxean emango dira, haurren eskola-ordutegira egokituta eta doakoa izango da. Modu horretan euskara ikasteko erraztasun handiagoa jarri nahi da. AEK arduratuko da eukara eskolak emateaz eta ikastaroaren maila izena ematen duten pertsonen mailara egokituko da.
Lekua: Ikastetxean bertan
Helburuak
- Eguneroko bizitzan euskaraz sarri erabiltzen diren hitzak eta esapide errazak ulertzea, eta berehalako premiei lotutako galderak eta oharrak ulertzea.
- Eguneroko harremanetan sarri erabiltzen diren testu laburretako gaia eta komunikazio-asmoa identifikatzea, hitz eta esapide sinpleak ulertzea eta aurreikus daitekeen informazio zehatza antzematea.
- Elkarrizketa errazetan parte hartzea, batez ere galde-erantzunen egituran, eta horien bidez eguneroko bere oinarrizko behar komunikatiboei erantzuteko, parte-hartze laburrak baina egokiak eta ulergarriak egitea.
- Mezu eta testu laburrak idaztea (zerrendak, inprimakiak, ohar laburrak, postalak), testuingurura egokituz eta ereduei oso hurbiletik jarraituz.
- Ikasleak guraso edo tutore direla aintzat hartuta, honakoei garrantzia berezia emango zaie ikastaroan zehar: eskolako oharrak euskaraz ulertzeari, eskolako bilerak pixkanaka euskaraz ulertzeari, haurren eskola etxerako lanetan laguntzeko gai izateari, euskal kultura transmititzeari, eskolan antolatzen diren egun berezietan parte hartzeari, euskarazko haur-kantak, ipuinak, aho-korapiloak, onomatopeiak, jolasak.
- Ikasturtean zehar ekintzaren bat programatuko da euskara ikasten ari diren ikasleak eskolako dinamikan txertatzeko. Eskolarekin elkarlanean adostuko da zer ekintza egin.
Euskaltegiko euskara ikastaroak
Soraluzeko AEKk maila guztietarako euskara eskolak eskaintzen ditu goiz, arratsalde eta iluntzeko ordutegian. Gainera, HABEko azterketa ofizialak prestatzeko aukera ere eskaintzen du.
Soraluzeko Udalak dirulaguntze ugari eskaintzen ditu euskara eskoletan izena eman eta asistentzia betetzen duten pertsonentzat.
Ordutegiak
- Goizez: astelehenetik eguenera 9:30etik 12:00tara.
- Arratsaldez: astelehenetik eguenera 14:30etik 17:00tara.
- Iluntzean: astean bi egunetan 18:00tatik 20:30era.
Familientzako saio telematikoak
Ebete hizkuntza zerbitzuek familientzako hitzaldi telematikoak eskainiko dituzte urriaren 20an eta 22an, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren, seme-alabei euskararen erabileran laguntzea gaitzat hartuta.
Hitzaldiak online eskainiko dira hainbat ordutegitan, bakoitzaren egunerokotasunera egokitu ahal izateko, eta parte-hartzea doakoa izango da.
Ordutegiak
- 9:30
- 15:00
- 17:00
- 18:30
Guraso eskolako izen ematea oraindik zabalik
Herriko hiru guraso elkarteen ekimenez, Katamarran ume-txokoa, eta Atxolin eta Keixeta IGE, hain zuzen ere, Guraso Eskola iraunkorra antolatuko da 2026-2027 ikasturterako.
Edozein adinetako seme-alabak dituzten gurasoek parte hartu ahal izango dute eta komunikazio ez-bortitzaren printzipioak ikastea izango du xede: seme-alabekin modu sakonagoan konektatzea, gatazkak modu baketsuan eta eraikitzailean konpontzea eta familia-lotura eta -giro harmoniatsuagoa lortzea.
Irailaren 18ra arte eman daiteke izena guraso eskola iraunkorrean.