"Euskaraldia"-ren aldeko adierazpena

2018/07/18
Udalbatzarra osatzen duten zinegotziek "Euskaraldia" ekimenaren aldeko adierazpena onartu dute; 11 egun horietan "ahobizi" eta "belarriprest" izateko konpromisoa hartuz.

Udalbatzarrak "Euskaraldia: 11 egun euskaraz" ekimenaren aldeko Erakunde Adierazpena onartu zuen joan den astean egindako bilkuran, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideen adostasunarekin.

"Euskaraldia: 11 egun euskaraz" ekimena aurtengo azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko da, Soraluzen eta Euskal Herriko herririk gehienetan eta euskaldunon hizkuntza ohiturak aldatzea dauka helburu moduan.

Erakunde Adierazpena

Gipuzkoan bi hizkuntza ditugu ofizialak: euskara eta gaztelania. Begi bistakoa da, ordea, bi hizkuntzok ez daudela oreka egoera batean, ez esparru publikoan ez eta gizartean ere: gaztelania da nagusi.

2016. urtean egindako VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, ezagutza-datuek nabarmen egin dute gora azken hamarraldietan, baina erabilera ez da neurri berean hazi; Gipuzkoan bizi den 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren %57,4 euskalduna da eta biztanleen %73,3k euskara ulertzen dute. Erabilera-datuek diotenez, aldiz, Gipuzkoan 16 urtetik gorakoen %39,5ek hitz egiten dute euskaraz.

Datuon argitan, euskararen normalizazio-prozesua inflexio-puntuan dago, fase baten amaieran eta beste baten atarian. Aro berri horretan, agerikoa da indarra erabileran jarri beharra dagoela.

Euskararen ulermenari ez diogu behar besteko garrantzirik eman; izan ere, erabileraren korapiloa askatzeko gako nagusi bat ulermenean datza. Alegia, euskararen ulermenaren balioa azpimarratuz gero, ulermena erabat zabalduz gero, euskararentzat eta gipuzkoarrontzat erabilerarako eremu zabal eta emankorra zabalduko dugu.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak, beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri dugu Euskaraldia ekimena. Gure udalerria ere buru-belarri sartu da, eta ekinbidea burutzeko batzordeak lanean dihardu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Bi subjektu-mota bereizi dira: ahobizi eta belarriprest.

Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak berarekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahiz eta Belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek igaro eta gero, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

  • Soraluzeko Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.

  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.

  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.

  • Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

  • Soraluzeko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta etorkizunean eutsi ahal izateko.

  • Soraluzeko Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

  • Soraluzeko Udalak bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.