Euskaraldiaren atarian ume, nerabe eta familiendako moduko ekimen ugari antolatu dira

Euskaraldiaren atarian ume, nerabe eta familiendako moduko ekimen ugari antolatu dira

2025/05/08
Ariketa sozialaren laugarren edizioa, 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da. Soraluzen ere, ekimen ugari antolatu dira ekimena hauspotu asmoz, herriko eragile ezberdinen artean eta horietako asko dira ume, nerabe eta familiendako modukoak. Asteburuan emango zaie hasiera ekimenei.

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da. Herritarren hizkuntza- praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Ariketa sozialaren laugarren edizioa, 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da Euskal Herri osoan zehar. Soraluze ere, ekimen ugari antolatu dira ekimena indartzeko asmoz. Tartean ume, nerabe eta familiendako moduko ekimenak antolatu dira eta asteburu honetan emango zaie hasiera ekimenei. Soraluzeko Udalak ekimen sozialean parte hartzeko deia egin nahi die herritarrei eta baita antolatuko diren ekitaldi kultural eta hezitzaileetan ere.

Mural eta kutxa margoketa, maiatzaren 11an

Igande honetarako, maiatzaren 11rako, Mural eta Kutxa Margoketa antolatu dute Aisialdia Elkarrekin egitasmotik Pil Pilean, Gaztelekua, Atxolin, Keixeta eta Udalak eskuz esku. 11:00etan hasita Euskaraldiko mural margoketa egingo da Frontoi Zaharrean. Ekimen honetara, herriko familiak animatu nahi dira ume eta helduak elkarrekin parte hartzera. Herriko nerabeek berriz, udazkenean ekindako kutxa margoketarekin jarraituko dute goizeko 11:00etatik aurrera herrigunean zehar. Helburua kutxak margotu eta euskararen aldeko aldarri nahiz irudiekin apaintzea izango da. Goizari amaiera emateko, 13:00etan txokolatada egingo dute guztiek elkarrekin Frontoian.

Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, maiatzaren 15ean

Ekimen hau herritar guztiei zuzendua izango da eta maiatzaren 15arekin, osteguna, Euskaraldiari hasiera emango zaio arratsaldeko 19:00etan. Txupinazoarekin batera, txapa jazte masiboa egingo da eta ondoren txistulariek alaituta buruhandiekin kalejira txiki bat egingo da herrigunean zehar. Iazko jaietan "buruarinak" egin zituzten ume nahiz familiak eta etxean buruhandiak dituzten familiak ere gonbidatu nahi dira, bakoitza bere buruhandiarekin parte hartzera kalejiran zehar. 

Kale Kantoian jolasian, maiatzaren 21, 22 eta 23an

Aurten, euskaraldiaren testuinguruan Udal Ludoteka eta gaztelekutik "Kale kantoian jolasian" egitasmoa antolatu da. Helburua, euskarazko jolasen transmisioa indartzea da herriko parke, txoko eta plazak elkargune bezela hartuta. Maiatzaren 21etik 23ra egingo da eta bertan HH 3- LH6ra bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute. Ludoteka edo Gaztelekuko erabiltzaile direnak, bakoitzak bakoitzak bere saioa erabiliko du kalera atera eta jolasean egiteko. Horrez gain, ludotekako erabiltzaile ez direnak ere parte hartu ahal izango dute ekimenean.

Horretarako, guztien, izena ematea ezinbestekoa izango da eta HEMEN klik eginez egin daiteke. Izena emateko azken eguna maiatzaren 15a izango da. 

HH-ko umeek heldu batek lagunduta parte hartu beharko dute, horrela familia ere ekimenaren parte bilakatuz.

Ludoteka eta gaztelekuko erabiltzaileek euren ohiko ordutegian parte hartuko dute eta erabiltzaile EZ direnek, izen emate galdetegian zehaztutako egun zein orduetan parte hartzeko aukera izango dute.

Ekintzak frontoi zaharrean egingo dira eta beraz, frontoiaren erabileran lehentasuna izango du ekimenak egun hauetan zehar.

Eskola Kiroleko azken egunean ginkana, maiatzaren 24an

Eskola kiroleko azken egunean, ginkana bat antolatu da eskola kiroleko partaideentzat. Ekintza hau ume eta guraso / tutoreentzat bideratuta dago eta frontoian egingo da 11:00etan hasita.

Ekimenean, parte hartzeko izena eman beharko da 601602347 telefonoan edo pilpilean@pilpilean.eus-era mezua bidalita.

Kale Margo lehiaketa eta zirko musikatua, maiatzaren 25ean

Euskaraldiaren ekimenari itxiera emanez, maiatzaren 25ean igandea, Kale Margo lehiaketa ospatuko da Plaza Zaharrean eta herrigunean. Ume eta nerabeena 10:30etatik 12:30etara bitarte izango da eta ostean, NiMú konpañiaren eskutik "Pausa" ikuskizuna eskeiniko da herritar guztientzat Plaza Zaharrean bertan. Zirko musikatu honekin gozatzeko aukera izango da, ekimen soziala agurtzearekin batera.