
Euskaraldiaren egitarauarekin bat eginez, Irakurketa Errazeko saio irekia egin da gaur goizean Liburutegian
Euskaraldiaren aurtengo edizioak irauten duen 11 egunetan ere ekitaldi ugari antolatu dituzte herriko hainbat eragilek ariketa sozialeko egunak girotzeko. Tartean, Soraluzeko Udal Liburutegiak, egoitzarekin eta eguneko zentroarekin elkarlanean antolatutako Irakurketa Errazeko taldearen saioa: Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) idazlearen Santiago Bidearen misterioa liburuaz aritu dira gaur goizean.
Bi hilean behingo maiztasunaz elkartzen da, gutxi gorabehera, Irakurketa Errazeko Taldea udal liburutegian eta Mesedeetako egoitzako zein eguneko zentroko kideek osatzen dute. Noizean behin, eta herriko ospakizun eta ekimenekin bat eginez, saio irekiak antolatzen dituzte, interesa duen orok parte har dezan irakurketa kolektiboan zein solasaldian.
Gaur goizean, maiatzaren 23an, barixakua, Euskaraldiaren bueltan elkartu da taldea ikasturte honetako azken saioa egiteko; hamasei lagun elkartu dira denera. Fernando Morillo idazlearen Santiago Bidearen misterioa liburuaren lehen kapituluak irakurri dituzte eta bertan agertzen diren gaien inguruan berriketan aritu dira, euskaraz. Irakurketa euskaraz jarraitu ezin zuten pertsonek gaztelerazko liburua izan dute aurrean, komunikazio-ariketa mistoa eginez.
Irakurketa Erraza
Pertsona guztiek ezin dute arintasunez irakurri, eta informazioa idazteko edo aurkezteko moduak hainbat biztanleria-sektore bazter ditzake, batez ere irakurtzeko, idazteko edo ulertzeko arazoak dituztenak. Euskadiko Irakurketa Errazeko elkarteak dioenez, biztanleriaren %30 inguruk zailtasunak ditu irakurketa komunikazio-, informazio-, prestakuntza- edo aisialdi-bide gisa erabiltzeko, arrazoi fisiko, psikiko edo sozialengatik.
Horregatik, ezinbestekoa da Irakurketa Erraza. Izan ere, ardura bereziarekin landutako liburuak dira, guztiok irakurri eta ulertu ahal izateko bereziki prestatuak.
Soraluzeko Irakurketa Errazeko Taldeak ekimenaren balorazio oso positiboa egiten du, eta datorren ikasturtean ere irakurtzen jarraitzeko asmoa azaldu du. 2024ko martxoan taldea sortu zenetik, zazpi liburu irakurri dituzte dagoeneko, eta gogotsu eta ilusioz irakurtzen jarraitu nahi dute.