Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna

2017/12/01
Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek adierazpena kaleratu dute igande honetan ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunari begira.

Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten 3 alderdi politikoek adierazpen instituzionala kaleratu dute igande honetan, abenduak 3, ospatuko den aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari begira.

Manifestuan, bide berriak urratzea proposatzen da euskararen erabileraren zabalpenean aurrera egin ahal izateko eta auzolanaren bitartez hizkuntza-ohituretan eragitea.

Halaber, hurrengo bi urteetarako instituzioek eta euskararen gizarte erakundeek elkarlanean prestatzen diharduten EUSKARALDIA ekimenari babesa adierazten diote eta igandean, eguerdiko 1ean, Plaza Berrian egingo den ekimenaren aurkezpen ekitaldian parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Euskara auzolana

Hizkuntza-ohituretan eragin eta gizartea aktibatu, urtean 365 egunez

Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.

Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko.

Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Hor dugu euskarak elikagai ezinbestekoa duen euskaldun berri andana itzela. Hor ditugu seme-alabak euskaraz ikas dezaten nahi izan duten guraso erdaldunak. Hor ditugu dakiten euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen direnak…

Zenbat halako azken hamarkadotan: zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.

Hala ere, ez gara nahi genuen hizkuntz erabilerako tokira ailegatu. Jendartea, belaunaldiak aldatu egin dira, denborak eta betiko bilakatu diren jardunek bidea agortu dute.

Bada garaia, badugu aukera bide berriei astindu bat emateko euskararen erabileraren zabalpenean aurrera egin nahi badugu. Behar dugu herriz herri eragin, herritarrengana iritsi, euskaltzaleen eta euskara hartzaile izan nahi dutenengana iritsi. Kontua ez baita izatea, ekitea baizik.

Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.

Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izango da ala ez da izango.

Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunetan ere euskararen eguna izan dadin lan egitea.

Euskara auzolana baita.