"EuskaraX" egitasmoa

2017/10/17
Adineko pertsonen artean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea du helburu moduan "Alkarri" elkarteak Udalaren eta Laboral Kutxa-ren laguntzaz abian jarri duen egitasmo honek.

"EuskaraX" egitasmoa Soraluzeko Alkarri elkarteak antolatzen du.

Alkarri elkarteak zahartzaro aktiboa eta adinekoen nahiz mendekotasun egoeran daude pertsonen gizarteratzea dauzka helburu moduan eta egitasmo honekin adineko pertsonen artean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu nahi ditu, Mesedetako Ama Zaharren Egoitzan nahiz Eguneko Zentroan.

"EuskaraX" egitasmoak Udaleko Osasun, Gizarte Ongizate eta Inmigrazio Sailaren laguntza jaso du, bai eta Laboral Kutxa enpresaren diru-laguntza ere.

Egitasmoari ostegun honetan, hilak 19 emango zaio hasiera Zaharren Egoitzan. Eguneko zentroari dagokionean, saioak duela aste batzuk hasi zieren eta, dagoeneko, burutu dira saioetako 2, parte-hartze handiarekin burutu ere.

Saioak aipatutako egoitzetako egoiliarrei, beren senitarteko eta lagunei eta egoitzetako langileei daude zuzenduta.

Hauek dira saiookin lortu nahi diren helburuak:

  • Euskarazko oinarrizko hitzak ikasi.
  • Esaldi motzak erabilita euskaraz komunikatu.
  • Euskal kultura ezagutu.
  • Euskararen jatorria ezagutu.
  • Euskal Herriko herri eta hiriak ezagutu.
  • Euskararekin lotutako jarduera artistikoak egin.
  • Saioetan ikasitakoarekin hiztegi pertsonal bat egin.

Guztira 45 minutuko 8 saio eramango dira aurrera egoitza bakoitzean, ostegunetan, 10:30etik 11:15era bitartean eguneko zentroan eta 11:30etik 12:15era zaharren egoitzan. Saioen gidaritza Miren Gallastegiren esku egongo da.