Irakurleen kluba berriro martxan

2018/09/12
Euskarazko irakurleen klubak urrian ekingo die berriro ere bi hilean behin egiten dituen saioei, Karlos Linazasororen "6012" liburuarekin; zabalik dago klubean izena emateko epea.

Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak, udal liburutegiarekin elkarlanean, "Euskarazko Irakurleen Kluba" sortu zuen iazko otsailean.

Geroztik, eta bi hilean behingo maiztasunez, euskarazko liburu bati buruz berba egiteko elkartu dira klubeko kideak, saioak dinamizatzeaz arduratzen den Jasone Osoro idazle elgoibartarraren gidaritzapean.

Klubak urrian emango dio hasiera ikasturte berriari, Karlos Linazasoro idazlearen "6012" eleberriaren irakurketarekin.

Esan bezala, kluba bi hilean behin elkartzen da, dagokion hileko lehendabiziko astelehenean, arratsaldeko 7etan, udaletxean.

Oraindik bada toki librerik; hortaz, izena eman nahi duenak Udaleko Hizkuntza Politikaren Zerbitzura deitu dezake (943 753 043).