Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina
Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea helburu moduan duen "Irakurri, Gozatu eta Oparitu" kanpaina martxoaren 20an hasi zen eta maiatzaren 31n amaituko da, udal liburutegian.
Maiatzaren 31 artean dago martxan, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoaren 11. edizioa. Pil-pilean Euskaltzaleen Topaguneak hamaikagarrenez abiatu du egitasmoa Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearekin, Udal liburutegiarekin eta herriko hainbat dendarekin batera.
Irakurketa sustatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, hiru horiek dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta horretarako prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburuari buruzko iritzia azalduz. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dio interesdunari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango du.
Halaber, kanpainan parte hartzen dutenen artean %30eko deskontu txekeak zozketatuko dira. Lehendabiziko zozketa martxoaren 26an egin zen eta maiatzaren 14an egingo da bigarrena.