Ezozibideko jolas-parke berria
Ezozibideko haurrentzako jolas-parke zaharra kendu eta berria jartzeko kontratuari dagozkion pleguak onartu zituen astelehenean Soraluzeko Udalak.
Aipatutako bileran, egungo parkea kendu eta berria jartzeko kontratuaren baldintza administratibo eta teknikoak onartu ziren, proposamenak aurkezteko hilaren 23a arteko epea emanez parke berria egiteko interesa luketen enpresei.
Ondorengo hauek dira kontratuak egitea aurreikusten dituen lanak:
- Gaur egun dauden haur-jolasak kentzea.
- Haur-jolasen eremuaren luzetarako mugan dagoen egurrezko babes-hesia kentzea.
- Espazio bereko zoladuran kokatzen diren kautxozko plakak kentzea.
- Haur-jolasen parke berri bat hornitu eta kokatzea.
- Haur-jolasen parkearen perimetroko zati baten babeserako hesi berri bat hornitu eta kokatzea.
- Haur-jolasen parkean segurtasunezko zoladura jarrai berri bat hornitu eta kokatzea.
- Lan horietan guztietan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.
Parkeak 153 metro koadroko azalera izango du eta bertan jarriko diren jolasak 2 eta 10 urteko haurrek erabiltzeko modukoak izan beharko dira.
Lizitazio-aurrekontua 33.057,85 eurokoa da, gehi 6.943,15 euroko BEZa; 40.000 euro guztira.
Proposamenak aurkezteko epea 10 egunekoa da, lizitazio-iragarkia Udalaren kontratatzailearen profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Lanak egiteko epea 6 astekoa izango da, kontratua izenpetu eta hurrengo egunetik aurrera.
Kontratuaren oinarri diren baldintza administratibo zein teknikoen pleguak webgune honetako kontratatzailearen profilean daude eskuragarri.