
Ezozibideko zoladura berritzeko lanak datorren astelehen eta martitzenean egingo dira, irailaren 29 eta 30ean; ibilgailuentzako kale-mozketak izango dira ondorioz
Otsailean hasi ziren Ezozibideko azpiegiturak eta zoladura berritzeko lanak, eta plangintza horren baitan kokatzen dira datorren astean, astelehen eta martitzenean, irailaren 29 eta 30ean egingo diren zoladura berritzeko lanak.
Biribilgunearen eta Ezozibidea 16 zenbakiaren arteko eremua asfaltatuko dute beharginek eta errepidea estua izanik, ibilgailuentzako moztu egin beharko da goizeko 8:00etatik arratsaldeko 18:00etara. Hortaz, ez da ibilgailuentzako pasorik baimenduko ordu tarte horretan; oinezkoentzako pasabidea, berriz, ohiko moduan, zabalik egongo da.
Ezozi auzotik kalera edo beste herriren batera autoz mugitu nahi duenak joan-etorriak San Andres auzotik egin beharko ditu ordu tarte horretan. Kalera oinez gerturatzeko, ostera, erabilgarri egongo dira Ezozibidea 16tik 34ra bitarteko aparkalekuak, ibilgailua bertan laga ahal izateko.
Soraluzeko Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie mozketa honek sor ditzakeen eragozpenen aurrean erakutsitako prestutasun eta ulermenagatik.