"Fleak" filmaren proiekzioarekin hasiko da aurtengo "Zinema euskaraz" zikloa domeka honetan, azaroaren 29an
Aisialdia Elkarrekin lan-taldeak berritasunekin datorren euskarazko zinema zikloa antolatu du; udazken-negu denboraldian, domeketan, sei film ikusi ahal izango dira Herri Antzokian: animaziozko hiru eta formatu errealeko beste hiru.
Domeka honetan, azaroaren 29an, emango zaio hasiera zinema zikloari: arratsaldeko 17:00etan Fleak filma ikusi ahal izango da Herri Antzokian.
Iazko arrakastari jarraipena emateko asmoz
Aurtengo zinema zikloa ere Aisialdia Elkarrekin lantaldetik antolatu dute honako eragileek elkarlanean: Atxolin eta Keixeta Guraso Elkarteek, Pil-pilean euskaltzaleen elkarteak eta Soraluzeko Udalak.
Soraluzeko ume eta gaztetxoentzako eskaintza indartzeko asmoz osatu dute aurtengo programazioa ere. Hori horrela, haurrentzako marrazki bizidunetan oinarritutako hiru film programatu dira eta beste hiru, berriz, publiko gazteagoarentzako formatu errealeko pelikulak eta animaziozkoak konbinatuz.
Zinemaren sarrera doakoa izango da ikusle guztientzat, euskarazko zinemaz dirua traba izan barik gozatu dezaten guztiek.
Antolaketari dagokionez, lan-taldeak gogorarazi nahi die parte-hartzaileei Lehen Hezkuntzako 2. mailatik beherako neska-mutikoek pertsona heldu batek lagunduta joan beharko dutela zinema aretora.
Zinema zikloari dagozkion arauak ere zehaztu dituzte antolatzaileek.
Hona hemen zinema ziklo osoaren kartela:

Fleak: sinopsia eta fitxa teknikoa
Thomasek, 11 urteko haur batek, bere bizitza betiko aldatzen dela ikusten du ibiltzea eragozten dion istripu tragiko bat izan ondoren. Dena galduta dagoela ematen duenean, Fleak agertzen da, beste dimentsio batetik iritsitako izaki txiki, bihurri eta liluragabea, unibertso aparteko baten atea irekitzen diona. Bere lagun berriarekin batera, Thomas mundu zoragarri batean sartzen da, non bere indarra, ausardia eta oraindik egiteko gai den guztia deskubritzen duen.
- Generoa: animazioa
- Zuzendaria: Jens Moller
- Iraupena: 83 min
- Herrialdea: Finlandia
