Gasteizko erailketen gaitzespena

2018/04/23
Soraluzeko Udalak gogor salatu eta gaitzetsi ditu berriro ere indarkeria matxistaren ondorioz joan den ostiralean Gasteizen gertatutako Florentina eta María Jose ama-alaben hilketak.

Soraluzeko Udalak bere salaketa eta gaitzespena adierazi ditu joan den ostiralean indarkeria matxistaren biktimen zerrenda beltza loditu zuten Gasteizen izandako 69 eta 43 urteko ama-alaben erailketarengatik.

Udalak gogoratu eragin nahi du hilketa hauek emakumeen aurkako indarkeriak sortzen duen arazoaren zati bat besterik ez direla, eta oinarrian gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza dagoela.

Soraluzeko Udalak berretsi nahi du era honetako salaketek ez dutela eraginik izango ez badugu barneratzen berdintasun, prebentzio, heziketa eta, batez ere, errespetu falta direla emakumeek eta neskatilek pairatzen dituzten jarrera matxisten oinarrian daudenak eta indarkeria era desberdinek (Psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa eta sexuala…) beraien osotasun eta duintasun fisiko eta moralaren aurkako eraso zuzena suposatzen dutela. Hau da, Oinarrizko eskubideen aurkako bortxa larri eta onartezina.

Erailketa honek erakundeak eta gizarteak gure udalerrietan benetako berdintasuna erdiesteko daukagun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Honi dagokionean, sentsibilizazio eta prebentzio lana egiten jarraitu behar dugu, gure herriko gazteen artean bereziki, beraiek baitira etorkizuneko herritarrak.

Soraluzeko Udalak elkartasuna adierazi nahi die hildako emakumeen senitarteko eta lagunei.