Gasteizko hilketa matxista

Gasteizko hilketa matxista

2021/10/13
Soraluzeko Udalak gogor salatu eta gaitzetsi du atzo Gasteizen gertatu zen hilketa matxista; gaur arratsaldeko 7:00etarako deituta dagoen elkarretaratzera joateko deia egin du.

Soraluzeko Udalak gogor salatu nahi du, eta gaitzespen sutsua adierazi, Gasteizen indarkeria matxistaren biktima izan zen Erika 37 urteko emakumearen hilketaren aurrean, eta babesa adierazi nahi die biktimaren familiari eta ingurune hurbilenari, batez ere 13 eta 17 urteko bere seme-alabei.

Soraluzeko Udalak gogorarazi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, eta arazo horren haztegia emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen dela.

Emakumeen aurka hainbat modutan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) erabiltzen den indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, emakumeen botere-harremanen eta mendetasun-harremanen ondoriozkoa, eta emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia horrek, berriz ere, euskal erakundeek eta gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunari egin behar dio aurre. Ildo horretan, gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu etorkizuna ordezkatzen dutenekin, gure herritar gazteenekin.

Hau ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa da. Denok nahi dugun berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin egon behar dugu gizonek eta emakumeek.

Soraluzeko Udalak herritarrei dei egiten die asteazken honetan 19:00etan Plaza Berrian deitutako elkarretaratzearekin bat egiteko.