"Gaua" filmaren proiekzioarekin itxiko da aurtengo "Zinema euskaraz" zikloa domeka honetan, martxoaren 15ean
Aisialdia Elkarrekin lan-taldeak euskarazko zinema zikloa antolatu du udazken-negu denboraldian, domeketan; berritasunak ekarri ditu aurtengo zikloak eta sei film ikusi ahal izan dira Herri Antzokian: animaziozko hiru eta formatu errealeko beste hiru. Gainera, zinemarako sarrera doakoa izan da ikusle guztientzat.
Domeka honetan, martxoaren 15ean, emango zaio amaiera zinema zikloari: arratsaldeko 17:00etan Gaua filma ikusi ahal izango da Herri Antzokian.
Sinopsia eta fitxa teknikoa
Euskal mendiak, XVII. mendea. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egin, eta baserritik alde egiten du gauaren erdian. Basoaren belztasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia bat sentitzen du. Bidean, hiru emakumerekin topo egiten du, eta, arropa ibai ondoan garbitzen duten bitartean, beldurrezko ipuinak eta kondairak partekatzen dituzte. Bere harridurarako, Kattalin istorio horien parte bihurtuko da.
