Gaztañerre azoka bertan behera
Joan den ostegunean, hilaren 24an, bilera egin zuten udaletxean Udal ordezkariek eta Gaztañerre azokan parte hartzen duten baserritarrak.
Bilera horretan azaroaren 14an ospatzekoa zen aurtengo azoka bertan behera uztea erabaki zen, egun horretan herrian izaten diren jende pilaketek eta, ondorioz, COVID-19a zabaltzeko arriskua ekiditeko helburuarekin.
Azokaren alternatiba moduan, eta Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Departamentuak egindako proposamena aintzat hartuz, bileran izan zirenek hemendik eta urtea amaitu arteko asteburuetan azoka desberdinak antolatzea erabaki zuten, Plaza Zaharreko karpa erabiliz horretarako.
Alkateak adierazi duenez, "etorriko dira garai hobeak eta ea posible den hurrengo urtean, berriz ere, Gaztañerre azoka antolatzea gure baserritar, abeltzain eta artisauen erakustoki bezala".