Gaztañerre azoka bertan da; animaliarik gabe, baina berritasunekin dator aurtengoa

Gaztañerre azoka bertan da; animaliarik gabe, baina berritasunekin dator aurtengoa

2025/11/04
Datorren zapatuan, azaroaren 8an, egingo da Gaztañerre azokaren XXIXI. edizioa; animaliarik egongo ez den arren, nobedadeak dakartzan egitarau betea prestatu dute antolatzaileek.

Urteko egun seinalatua eta kuttuna da Gaztañerre soraluzetarrentzat; aurten ere, urteroko zitari hutsik egin gabe, egitarau oparoa prestatu dute Soraluzeko Udalak eta DEBEMEN elkarteak.

Behien artean Dermatosi Nodular Kutsakorraren gaitza zabal ez dadin Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren ondorioz, ez da ganadurik izango aurtengo Gaztañerre azokan. Bestelakoan, ohi den bezala Erregetxen baserrietako produktuak egongo dira erakusgai eta salgai goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak arte. Horrez gain, artisauek ere beren lanak erakutsi eta salduko dituzte eta gaztagintza, forja eta talogintza erakustaldi-tailerrak izango dira.

Bertako produktuak, artisauak eta jan-edana

Azoka goizeko 10:00etan irekiko da txalapartariarekin, eta jarraian kalejira egingo da txistulariekin eta trikitilariekin.

Baserrietan ekoizten diren produktuekin etorriko direnak, hain zuzen ere barazkiak, frutak, gazta, ogia… honakoak izango dira: Arizaga eta Lezarri. Bestalde Egotza Baserriko Nagore Martinek ahuntz gazta salgai izango du eta Lizagasar Sagartokixa sagarretik ekoizturiko produktuak saltzen egongo da (sagardoa, sagar zukua, ozpina, ermelada, sagar purea, sagardo patarra …). Horrez gain, Nagore Dorronsorok eztia saltzen edukiko du eta Illordo baserritik kiwiak ekarriko dituzte.

Soraluzeko artisauak ere izango dira azokan, hainbat material motarekin (zumitza, larrua, egurra, oihala...) egindako lanak erakutsi eta saltzeko. Besteak beste, Amaia Amor, Nuria Muro, Saadia Nasir, Sara Peñalba, Lore Gallastegi, Susana Duran, Lorea Calles, Arrate Lizarralde, Kristina Albisua, Edurne Garate, Txaro Fernandez eta Antxon Fresnedok izango dute postua azokan.

Horretaz gain, Juan Fernandezek ilustrazioak izango ditu salgai eta Francis Larrañagak baserri-auzoei buruzko liburuak, joan den astean aurkeztu berri dituen Ezozi eta Txurruka baserri auzoetako liburuak, hain zuzen ere. 

San Andres auzoko baserritarrek txerri sahieski erre pintxoak, txorixo egozia eta hirugiharra salgai jarriko dituzte. Baita ere Soraluzeko baserrietan egiten den sagardo lehiaketa antolatu dute. Guztira bost baserrik parte hartuko dute: San Martzial, Barrenetxe, Osuma, Argarate, eta Zabale baserria.

Berritasuna: tailer-erakustaldiak 

Aurtengo azokak dakartzan berritasunen artean daude gaztagintza, forja eta talogintza erakustaldi-tailerrak: Egotza baserriko Nagore Martinek gazta nola egiten duen erakutsiko du goizeko 11:00tatik aurrera; ostean, 12:00etan haurrek taloak egiten ikasi, eta ostean dastatu ahal izango dute talo-tailerrean.

Gainera, Iker Gabilondo forjariak zuzenean landuko ditu metalezko hainbat pieza, forjan nola lan egiten duen erakutsiz.

Omenduak 

Aurtengo omenduak Bagozkoiti baserriko (Boskoitxi) Jesus Ariznabarreta Oregi eta Maria Luisa Atxa Aranberri izango dira; eta omendu berezia, ostera, Lezarri baserriko Mari Tere Igartza izango da.