Gaztañerre azoka bertan da; hurrengo zapatuan, azaroaren 14an, egingo da
plaentxia.eus

Gaztañerre azoka bertan da; hurrengo zapatuan, azaroaren 14an, egingo da

2026/11/06
Hurrengo zapatuan, azaroaren 14an, egingo da Gaztañerre azokaren XXX. edizioa; goizeko 10:00etan hasi eta iluntzera arteko egitaraua betea prestatu dute antolatzaileek.

Urteko egun seinalatua eta kuttuna da Gaztañerre soraluzetarrentzat; aurten ere, urteroko zitari hutsik egin gabe, egitarau oparoa prestatu dute Soraluzeko Udalak eta DEBEMEN elkarteak.

Urtero egin ohi den bezala Erregetxen baserrietako abereak eta produktuak egongo dira erakusgai eta salgai goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak arte. Horrez gain artisauek ere beren lanak erakutsi eta salduko dituzte.

Animaliak ikusteko aukera

Iaz animaliak azoketara eramateko debekua bazegoen ere, aurten normaltasunera itzulita, ganadua ere ikusgai egongo da Erregetxen. 

Soraluzeko baserrietan hazitako hainbat ganadu mota ikusi ahal izango dira: Tudankak, Casinak, Pirenaikak, Limusinak, Suizak eta Asturiarrak; baita ardiak, astoak, antzarrak eta ahuntz azpi gorriak ere. Honako baserrietatik ekarriko dituzte animaliak: Iribe, Osuma Gain, Obe, Iraolabeitia, Barrenetxe, Arizaga, Iraola Etxeberri, Guene eta Untzeta. 

Bertako produktuak, artisauak eta jan-edana

Azoka goizeko 10:00etan irekiko da txalapartariarekin, eta jarraian kalejira egingo da txistulariekin eta trikitilariekin.

Baserrietan ekoizten diren produktuekin etorriko direnak, hain zuzen ere barazkiak, frutak, gazta, ogia… honakoak izango dira: Arizaga, Illordo eta Lesarri. Bestalde Egotza Baserriko Nagore Martinek ahuntz gazta salgai izango du eta Lizagasar Sagartokixa sagarretik ekoizturiko produktuak saltzen egongo da: sagardoa, sagar zukua, ozpina, marmelada, sagar purea eta sagardo patarra, bestek beste. Horrez gain Nagore Dorronsorok eztia saltzen edukiko du.

Soraluzeko artisauak ere izango dira azokan, hainbat material motarekin (zumitza, larrua, egurra, oihala...) egindako lanak erakutsi eta saltzeko. Besteak beste, Arrate Lizarralde, Charo Fernández, Edurne Garate, Kristina Albisua, Nuria Muro, Saadia Nasir, Amaia Amor, Lorea Calles eta Angel Garcíak izango dute postua azokan.

Gainera, Francisco Javier Larrañaga Guridik  joan den astean aurkeztu berri duen Irure auzoko baserrien liburua erosteko aukera ere egongo da, 20€ren truke.

San Andres auzoko baserritarrek txerri azpizun, txorixo egosi eta hirugihar pintxoak jarriko dituzte salgai. Baita ere Soraluzeko baserrietan egiten den sagardo lehiaketa antolatu dute. Guztira sei baserrik parte hartuko dute: San Martzial, Barrenetxe, Osuma, Argarate, Boskoitxi eta Zabale baserriek.

Erakustaldiak ere bai

Azken urteetako ohiturari jarraiki erakustaldi bereziak ere antolatu dira. Alde batetik, sagar-zukua egiteko erakustaldia, antzinako erara, eta sagar jotzea kirikoketa bidez, Elgoibarko Lizagasar eta Soraluzeko Ttakun-Pla txalapartariekin. Beste alde batetik, ardi-mozketa erakustaldia ere izango da, Ipar Arrinda artile-moztailearen eskutik.

Aurtengo omenduak

Aurtengo omenduak Aldasoro baserriko Jose Antonio Aldazabal Laskurain eta Izagirre baserriko Ana Maria Goiburu Izagirre izango dira.