Gazte udaleku arrakastatsuen ostean, Udaleku Irekiak hasi berri dituzte herriko umeek
barrena.eus

Gazte udaleku arrakastatsuen ostean, Udaleku Irekiak hasi berri dituzte herriko umeek

2026/07/06
Herriko gazteenak uda garaiko ekintzez gozatzen ari dira: uda kirola amaituta, gazte udalekuetan izan dira 12-16 urteko soraluzetarrak ekainaren 30etik uztailaren 2ra eta udaleku irekiak hasi berri dituzte gaur 3-12 urteko haurrek.

Urteroko moduan, uda-sasoiarekin batera ekintza ugari antolatu dituzte Soraluzeko Udalak eta Kukumixo Aisialdi Taldeak elkarlanean herriko haur eta gaztetxoentzako. Aurtengoan ere arrakasta handia izan dute udalekuek, eta guztira 3 eta 16 urte 200 lagunek baino gehiago parte hartu dute. 

Gazte udalekuak parte hartzean gora

Azken urteetako jendetsuena izan da aurtengo gazte udalekua. 12 eta 16 urte arteko 57 gazte soraluzetarrek osatu dute aurtengo taldea. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitarte, kanpin dendak ipini eta San Andres auzoa hartu dute atseden, jolas eta lotarako leku. 

Lau hezitzaile aritu dira parte-hartzaileekin egunez egun eta Kukumixo Aisialdi Taldeko kideak izan dituzte milo lanetan bidelagun, sukalde-lanak eta bestelakoak eginez.

Udalekutan ekintza ugari egiteko aukera izan dute; betiere, balio hezitzaileak oinarri hartuta eta euskararen erabilera sustatuz, giro paregabean. Ohiko jolasez gain, hainbat irteera ere egin dituzte; hala nola, Mutrikula, Elorriora eta Soraluzeko mendigainera. Gaubela bereziak ere ospatu dituzte San Andres ingurua beldurrez eta kantuz zipristinduz.

Oso gustora aritu dira parte hartzaileak, gazte zein hezitzaile taldea.

Txikienen txanda udaleku irekietan

Aurreko bi asteak Uda Kirolean egin ostean, gaur astelehena, uztailak 6, hasi dira Soraluzeko udaleku irekiak 4 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat. HH4tik LH6ra arteko 159 soraluzetarrek parte hartuko du bertan uztailaren 17ra arte, kaleak kolorez, alaitasunez eta jolasez pizten. Bidelagun izango dituzte, gainera, 20 hezitzaile eta 6 praktikari.

Herriko kale eta txokoak bilakatuko dituzte jolaserako gune; baita inguruko herriak ere, eguneko irteerak ere egingo dituzte eta:

  • Txikienak Aulestira, Elgoibarko igerilekura eta Ezozira joango dira. Ezoziko irteeraren ostean, eskolan egingo dute lo animatzen direnek.
  • Gazteenak, berriz, Mutrikura, Elorrioko igerilekura eta San Andresera egingo dituzte irteerak. San Andreseko txangoa biribiltzeko, Urkiazelain igaroko dute gaua.

Herriko landa eremua ezagutarazteko asmoz, talde guztiek herriko hainbat baserritara bisitak egingo dituzte, bertan ekintzak burutuz.

Gainera, 3 urteko neska-mutikoek haien lehen esperientzia biziko dute udalekutan, Ludoteka inguruan eta kaleetan gozatuko baitute datozen bi asteetan zehar. Txikienek 12ko taldea osatuko dute eta hiru hezitzaile arituko dira haiekin.

Haur eta gazteen parte-hartzea sustatzeko tresnak, lanketa eta erabakiak aintzat hartuta, udalekuetako azken egunean, uztailaren 17an, barixakua, Kale Kolore eguna egingo da.

Udalekutan ere balio hezitzaileak

Balio hezitzaileak oinarri, hauexek izango dira udalekuetan zehar landuko diren helburuak:

  • Harreman osasuntsuak eta tratu onean oinarrituak landu eta sustatzea.
  • Udalekuetako ekintzen antolaketa eta garapenean haurren parte hartzea bermatzea, haurrei erabakitzeko guneak eta uneak eskainiz.
  • Kalea jolasgune bilakatzea eta herriko txoko ezkutuak hobeto ezagutzea.
  • Euskararen lanketa kontzientea egitea eta euskararen erabilera sustatzea.
  • Naturarekiko harreman osasuntsua lantzea.