Genero indarkeriaren aurkako borroka

Genero indarkeriaren aurkako borroka

2021/04/22
Soraluzeko Udalak 3.436,99 euroko diru-laguntza jaso du genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren funtsetatik; genero-indarkeria desagerrarazteko proiektuak egiteko erabiliko da.

2017ko abenduan genero-indarkeriaren aurkako Estatu-ituna onartu ondoren, Estatuko Aurrekontu Orokorrek kreditu bat jasotzen dute udalei transferentziak egiteko. Udalek genero-indarkeria desagerrarazteko proiektuak egiteko erabili beharko dute diru hori.

Euskadin, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioaren ondoren, foru-aldundiak arduratzen dira diru hori esleitu eta banatzeaz, Eudeleko Batzorde Betearazleak adostutako irizpideen arabera. Irizpide horiek honako hauek dira: udalerri bakoitzeko 2.000 euroko zenbateko finkoa eta udalerriko biztanle-kopuruaren araberako beste kopuru finko bat.

Patricia Borinaga Udaleko Berdintasun Saileko arduradunaren arabera, "Genero indarkeriaren aurkako borroka erantzukizun partekatua da eta guztiok gauzatu behar dugu. Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoa da, eta bere udalerriko errealitatea hobekien ezagutzen duena. Horregatik, gaitz honen aurka borrokatzeko jasotzen duen edozein laguntza ongi etorria izango da beti "

Borinagak azaltzen duenez, "Udalok proiektu edo programak egiteko erabili behar ditugu funts horiek, genero-indarkeriari buruzko estatu-itunaren neurriak garatzeko. Besteak beste, honako jarduera hauek aurreikusten dira: emakumeen aurkako edozein indarkeria-motari buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak egitea, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko informazio-materialak prestatzea edo berdintasunaren arloko prestakuntza espezializatua lortzeko jarduerak egitea. Beraz, premisa horiek kontuan hartuta, Soraluzen funts horien erabilera udaleko Berdintasun Batzordearen esparruan eta ahalik eta adostasun handienarekin erabakiko da ".

Funts horien kontura finantzatutako proiektuek edo programek 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko egikaritze-aldia hartuko dute, eta 2021eko irailaren 30ean justifikatu beharko da nola erabili.