Gerturatzen ari dira aurtengo Santiago eta Santa Ana jaiak

Gerturatzen ari dira aurtengo Santiago eta Santa Ana jaiak

2025/07/09
Bihartik, eguenetik, aurrera banatuko dute aurtengo Santiago eta Santa Ana jaietako egitaraua etxez etxe; uztailaren 24an hasi eta 27an amaituko dira jaiak, herritar ororentzako ekimen parte-hartzailez betetako lau egun.

Badatoz aurtengo Santiago eta Santa Ana jaiak, soraluzetarrontzako egun garrantzitsuak, ilusioz eta harrotasunez bizi ditugunak. Kainoikadarekin emango zaio hasiera jaiari eta ondoren pregoia botako dute Soraluzeko Musika Eskolako kideek, 35. urteurrena ospatzen ari baitira.

Bihartik aurrera, egunea, uztailak 10, hasiko dira jaietako egitaraua etxez etxe banatzen, urteroko moduan. Horrez gain, iaz izandako harrera ona aintzat hartuta, jaietako egun bakoitzeko egitarauarekin osatutako promozio-bideoak argitaratuko dira, datorren astetik aurrera. Horrela, herritarrek ekintza bakoitza hobeto irudikatu ahal izango dute, jaigiroan murgiltzen hasi eta jaietan zehar izango diren ekitaldi zein musika proposamenak ezagutu.

Programa formatu digitalean ikusi nahi izanez gero, jo ondorengo loturara: Soraluzeko jaiak 2025

Herritarren parte-hartzea protagonista

Herritar orok gozatzeko jaiak izatea dute helburu aurtengo Soraluzeko jaiek; horregatik, adina dena dela, herritar guztiak bilduko dituen ekintza ugari antolatu dituzte herriko eragileek zein udalak. 

Adin guztietarako antolatutako ekintzen artean daude Kantujira Plaentxia Kantuan taldearen eskutik, Toka eta Igel txapelketa Galtzagorriek antolatuta, jaien aurretiko beroketarako zunba saioa, herriko musikariek sortutako Sagar-Erreka Mix ikuskizuna, azeituna hezur jaurtiketa txapelketa, Larrain dantza herrikoia Euskal Jai Batzordeak antolatuta, Bizijolas jolasgune erraldoia, zezen suzkoa eta erraldoi, kiliki eta buruarinen kalejirak eta Soraluzeko emakumeen* batukada feminista. Haur, gazte zein heldu, edonork parte hartu dezake aipatutako ekintza guzti horietan eta horretara animatzen ditu udalak herritarrak.

Horietaz gain, kultur aniztasunak ere izango du lekua jaietan Soraluzeko arrozak ekimenari esker. Baita herritar ugari biltzen dituen bakailao lehiaketa eta mus-tute txapelketa ere. Gainera, Ikas Bidairako dirua batzen diharduten gaztetxoen eskutik bingoa eta haurren txokoaz ere gozatu ahal izango da, herri bazkariaren ostean. Amaitzeko, haur eta gaztetxoentzako bereziki, krosa ere izango da domeka goizean.

Musikari dagokionez, punta-puntako musika-taldeek beteko dituzte Soraluzeko kaleak doinuz; besteak beste, Janus Lester, Idoia Asurmendi, Belako eta Los Tenampas mariatxiek.

Aurrez izena eman beharreko ekintzak

Jaietarako antolatutako zenbait ekintzatan parte hartzeko aurrez izena eman behar izango da; epea zabalik dago dagoeneko. Hauexek dira ekintzok:

  • GAZTETXOENTZAKO TORTILA LEHIAKETA:
Noiz: uztailak 24, eguena
Norentzat: LH5 eta DBH4 bitarteko gaztetxoentzat
Izen-ematea: udaletxean, plazak amaitu arte
Lehiaketako oinarriak: oinarriak
  • HERRI BAZKARIA:
Noiz: uztailak 25, barixakua
Txartelak: Iratxo goxoki-dendan salgai, 15 eta 10 euroren truke
  • HERRI MAIALKO BAKAILAO LEHIAKETA:
Noiz: uztailak 26, zapatua
Norentzat: herritar ororentzat (bikoteko bat behintzat 18 urtetik gorakoa)
Izen-ematea: udaletxean, plazak agortu arte
Lehiaketako oinarriak: oinarriak
  • SORALUZEKO ARROZAK:  
Noiz: uztailak 27, domeka
Norentzat: herritar ororentzat
Izen-ematea: uztailaren 16ra arte, sustapena@soraluze.eus helbidera idatzita edo 943753043 (Patxi) telefonora deituta